Iker Beristain Gutierrez preso politiko algortarrak Frantzian ezarritako
espetxe zigorra otsailaren 4an bukatu bazuen ere, hilaren 23ra arte luzatu diote kartzelako egonaldia. Izan ere, Espainiako Gobernuak eskatutako agindua erabakitzeko hilaren 2an egiteko zen bista berriro atzeratu egin zen, Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak bidali beharreko paperak Frantziako epaitegira iritsi ez zirelako, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak azaldu duenez. "Horren aurrean, ez zegoen garbi zer egingo zuten, espetxe zigorra 4an amaituko zuelako, baina Frantziako tribunalak erabaki zuen preso atxikitzea paper horiek iritsi artean. Ikerren protestaren aurrean justiziaren kontuak batzuetan horrelakoak direla esan zioten. Eta orain, itxuraz paper horiek eskuratu ostean, euroaginduaren bista hilaren 23n egingo dela jakinarazi diote", zehaztu dutenez. Hartara, erabakia berehala gauzatuko delakoan dago AAM, arestian esan bezala, espetxe zigorra dagoeneko amaituta daukalako; eta "euroagindua aplikatu eta Madrilera eraman edo mugan libre utzi beharko dute, zigorra amaitzerakoan Frantziatik kanporatzea ere erabaki zutelako". Argazkian, Iker Beristain epaitu zuteneko pankarta / cc-pd Etengabe.