Getxoko Bilduk bereak egin ditu Josu Amezagak eskainitako hitzak, idatzitako artikuluan. EHUko irakasle eta soziologo getxoztarra galerien erabilera publikoaren aldeko borrokaren kide izan zen.
Hona hemen Josu Amezagaren artikulua:
Agur Punta Begoñako galerietan hotela egiteko proiektua!
Akabo Etxebarrietaren txaletean (Punta Begoñako galeriak) Barceló katearen hotela egiteko proiektua. Andra Mariko hirigintza Plana bezalatsu amaitu da. Biak ala biak EAJ apartheid politikari esker Udaletxean jaun eta jabe zen garaian “proiektu estrategikotzat” salduak. Biak ala biak Getxoko herriari bere ondasunak (ondare naturala bata, ondare publikoa bestea) kendu eta espekulatzaile inmobiliarioen esku uzteko diseinatuak. Biak ala biak herri ekimenari esker geldituak. Eta biak ala biak ondo zaindu beharrekoak, porlanaren espekulatzaileak -orain kreditu faltagatik burumakur- berriro altxatzen direnean bueltan etorriko baitira erasoka.
Proiektua, bestalde, Portu Zaharreko orubean belar freskua sortzen ari den unean bertan gelditu da. Hemen ere aurrekoen antzeko proiektu bat (spa-hotela lurzoru publiko batean), xumeagoa baina esangura sinboliko handikoa, herriaren ekimenari esker gelditua.
Oso gertutik jarraitu beharko da orain zer egiten den galeria bitxi hauekin. 1992an baldintza batekin jabetu zen Getxoko Udala ondare honetaz: erabilera publikorako izango zela. Baldintzari muzin egin eta beste helburu batzuetarako erabli nahi izan du ordutik EAJk eraikina, horrekin batera ondasun kulturalak babesten dituzten legeak hautsiz. Izan ere lege horiek oso argi uzten baitute ondasun kulturalen jabeek zaindu egin behar dituztela ondasunok, eta hala egiten ez badute Foru Aldundiak -bere kabuz edo Jaurlaritzaren ekimenez- behar diren neurriak hartu beharko dituela ondasun horien osotasuna mantentzeko, egin beharreko lanak egitea barne, hauen kostuak jabearen lepo utziz. Azken hogei urtean ez Udalak ez Aldundiak ez Jaurlaritzak ez dute bete lege hau, eta gaur egun eraikina egoera txarrean dagoela diote. Aukera hau ere aurreikusten du legeak: utzikeriagatik eraikina hondatzen bada, ezin izango da eraitsi, inola ere ez. Beraz, aukera bakarra geratzen zaio Udalari: galeriak konpondu, eraitsi gabe eta beren balio historiko kulturala ahalik eta txukunen gordez; eta erabilera publikoari zabaldu. Hortik kanpoko edozer onartezina litzateke, eta salatzekoa.
Beste kontu bat da, garrantzitsua ere, zenbat diru xahutu duen Udalak inora ez zeraman eta herriari bizkar emanda atera nahi izan den proiektu honetan: txosten teknikoetan edo eraikinaren higaduran, adibidez.
Azken kontu bat, Udaletxeko nagusi horiek afera honetatik ezer ikasi ote duten da. Baietz pentsatu nahiko genuke, konturatu direla euren nagusitasunaren gainetik arau batzuk daudela, haiek ere bete beharrekoak; konturatu direla herriaren ondarea oso tentuz zaindu beharreko zerbait dela; eta konturatu direla herriak parte hartu behar duela udalgintzan, lau urtean behin botoa emanda baino askoz areago. Baina zalantza hau geroak argituko digu. Oraingoz, eska diezaiegun lehenbailehen Etxebarrietako galeriak konpondu eta jendearen esku uzteko. Parte hartze prozesu bat bultzatzea litzateke zerbait ikasi duten seinalerik hoberena.
Zorionak Getxo!