Metro Bilbaoko zuzendaritzak iragarri du auzitegira eramango duela lan gatazka, epaile batek erabaki dezan garraio enpresako arduradunek uztailean sindikatuekin egin zuen akordioa hautsi duen edo ez. Txema Oleaga metroko presidenteak kazetariei aurreratu die "berehala" joko dutela auzitegira, konpainiaren lege zerbitzuak eskaera prestatu bezain pronto. Halaber, negoziatzeko baldintza bezala jarri du sindikatuek lanuzteak bertan behera uztea. Hala ere, sindikatuek iragarritako mobilizazioak mantenduko dituzte. Hurrengoa ostegunean egingo dute, 17:00etatik 21:00etara. Bestalde, bihar bertan, Metro Bilbaoko bulegoen aurrean egingo dute kontzentrazioa, goizeko 10:30ean, ELA, LAB, UGT, ESK eta CIM sindikatuek. Salatu dutenez, soldaten izozketa eta 2011ko soldata igoeraren itzulpenaren lehenengo epea gauzatu dituzte jada garraio enpresako arduradunek. Bataz beste 1.500 euro inguru bueltatu beharko dituzte beharginek. Argazkian, geldialdiarekin batera, dozenaka langilek egin zuten manifestazioa urtarrilaren 19an / ©
LAB Metro Bilbao.