Joxe Arregi hil arte torturatu zuten 31. urtemugan, Sopelako Udaletxeko plazan 40 lagun elkartu ziren atzo "Torturari stop!" esateko. Bertan bildu zirenek panpin batekin irudikatu nahi izan zuten torturak suposatzen duen indarkeria eta bera garatzeko "Espainiar agintariek urte luzeetan ahalbideratu duten zigorgabetasuna" ere salatu zuten,
Sopela.net agerkari digitalak adierazi duenez.
Joxe Arregi Izagirre zizurkildarra Guardia Zibilak atxilotu zuen Madrilen 1981eko otsailaren 4an, eta bederatzi egun geroago, hilaren 13an, "komisariako infernua atzean utzi, baina Carabanchel espetxeko ospitalean sartu behar izan zuten benetan egoera tamalgarrian", Amnistiaren Aldeko Mugimenduak urtero gogoratzen duenez. "Bere gorputza ubelduraz eta erreduraz josita zegoen, eta gutxi iraun zuen bizirik. Otsailaren 13 hartako bere hitzek ongi adierazten dute Joxe Arregik pairatu behar izan zuena. 'Oso latza izan da' esan eta heriotzaren marra igaro zuen", gaineratzen dutenez. Argazkia: © Sopela.net.