Euskarazko hitz goxoak sarituko ditu Berangoko Gaztelekuak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ots. 14a, 12:09

San Valentin eguna aitzakia bezala hartuz, hitz goxoen lehiaketa antolatu du lehenengo aldiz Berangoko Santa Ana auzoko kultur etxean kokatutako Gaztelekuak. Parte hartu nahi dutenek euskaraz idatzitako hitz ederrak besterik ez dituzte sortu behar; eta 13 urtetik 18ra arteko adinean egon. Horrenbestez, bihar arte izango da horiek aurkezteko aukera gazteleku.berango[abildua]hotmail.com helbidera idatziz; Tuenti sare sozialaren bidez; edo SMSa helaraziz 667 868 076 telefono zenbakira. Lanak originalak izan beharko dira eta inondik inora sexistak edo arrazistak. Lehenengo hiru sailkatuek MP4 irakurgailua jasoko dute. Hala ere, parte-hartzaile guztientzat izango dira opariak. Argazkia: cc-by-nc-nd Artzubi.

Idatzitako hitz goxoarekin batera, parte-hartzailearen datu pertsonalak bidali beharko dira: izengoitia, adina, kontakturako telefono zenbakia eta helbide elektronikoa. Epaimahaiak erabakiko du zeintzuk diren hitz goxoen lehenengo lehiaketa honen irabazleak eta Internet bidez jakinaraziko du. Sariak ostiralean banatuko dituzte.

Jarduera gehiago

Hala ere, beste hainbat jarduera abiatuko ditu Gaztelekuak. Otsailaren 19ra arteko larunbat eta igandeetan, mozorroak egiteko tailerrak izango dira. 17:00etatik aurrera, Santa Anako kultur etxean, nahi duten jantzia prestatu ahal izango dute neska-mutilek, Inauterietan parte hartzeko. Bestalde, hilaren 24rako –19:00etatik 23:00etara– rol joko bizia antolatu du Berango Gaua ekimenak. Antzerki pertsonaiak bilakatuko dira parte-hartzaileak. Lyco taldeak gidatuta, fantasiaren munduan murgilduko dira non pertsonai bakoitzak bere helburuak lortu beharko dituen.

Inauteriak

Azkenik, Inauterietan parte hartzera animatu dituzte neska-mutilak. 2012ko Berangoko Aratusteak iratxo eta ipuinen munduan oinarrituta egongo dira. Mila koloretako pertsonaiek lekua daukaten fikziozko unibertsoa otsailaren 25ean zabalduko da. Kalejira arratsaldeko 6etan abiatuko da Berangoetako kultur etxean, frontoira heltzeko asmoz. Simon Otxandategi kalean barrena iratxoak eta parte-hartzaileen imajinazioak sortutako pertsonai sorta osoa ibiliko da. Neska-mutilak hilabete honetan arituko dira mozorroak prestatzen Ludotxikian. Apur bat nagusiago direnek, berriz, begiraleen laguntza izango dute Ludotekan eta Ludoklubean. Adinekoek ere prestaketa lanetan dabiltza, ilusio handiz, Nagusien Etxean. Gauzak horrela, aurrekoetan bezala, adin guztietako lagunak batuko ditu segizioak. Auskalok girotuko du kalejira pilotalekura heldu artean. Bertan, D’Traka taldeak jarriko du umeentzako animazioa, adin guztientzako diskoteka hasi baino lehen.

Otsailaren 26an, berriz, Simon Otxandategi taldeko dantzariak izango dira protagonistak, Zuberoako Maskarada interpretatuko baitute, zanpantzarrekin batera. Ohiko lez, 11:15ean abiatuko dira Lantzartetik, ordu bi beranduago Sabino Aranara heltzeko. Bertan, txikiek hartuko dute taldeko nagusien txanda, frontoian dantza erakustaldia eskaintzeko asmoz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun