Larunbatean jokatuko dute Sopelako duatloia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ots. 14a, 14:27

Hirubi Triatloi Elkarteak antolatuta, larunbat honetan, otsailak 18, jokatuko dute Sopelako duatloiaren zazpigarren edizioa. Udalaren babesarekin eta Euskadiko Triatloi Federazioarekin elkarlanean, Euskal Zirkuiturako baliagarria da aipatu proba. Batetik, 5,2 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute atletek, korrika, Sopela herrigunean prestatutako zirkuituari buelta bi emanez. Bestalde, bizikleta hartu eta Urdulizeraino joango dira parte-hartzaileak, Barrika eta Plentziatik igaroz, bertara helduta bueltako bidea hartzeko. Guztira, 19,2 kilometro. Azkenik, hasierako zirkuituari buelta bakarra (2,5 kilometro) eman beharko diote, berriro ere lasterka. Federatuentzako izen-epea ostiralean (hilak 17) edo 250eko partaide kopurua betetzerakoan bukatuko da. 20 euro ordaindu beharko dute. Federatuak ez direnentzat, ordea, bihar bukatuko da apuntatzeko epea, 30 euro ordainduta. Batzuek zein besteek Euskadiko Triatloi Federazioak duen webgunera (www.triatloi.org) edo info[abildua]triatlonsopelana.org helbide elektronikora jo beharko dute. Argazkian, Sopelako duatloiaren aurreko edizioetako bat / © Sopelako Udala.

Triatloi lizentzia indarrean duten guztiei zabalik dago Sopelako duatloia. Hala ere, federatuak ez direnek eguneko lizentzia eskuratzeko aukera izango dute, 10 euro gehiago ordainduta. Bestalde, honako kategorietan bereiziko da sailkapena: kadete, junior, 23 urte azpikoak, beteranoak (1-2-3) eta absolutua. Denbora epeei dagokienez, lehenengo partzialaren denbora epea, 28 minututakoa izango da. Lehenengo eta bigarren partzialen batuketaren denbora epea, berriz, ordu bate eta laurdenekoa.

Sariak

Sailkapen orokorreko lehen hiruei garaikurra eta dirua (300, 200 eta 100 euro) emango zaie, bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan. Halaber, herriko kirolaririk onena ere sarituko dute, 30 euro eta garaikurrarekin. Bestelako sailkapenetako garaile zein taldekako irabazleek garaikurra eskuratuko dute.

Bestalde, idazkaritza Sopelako udaletxean egongo da. Dortsalak, lasterketaren egun berean jaso ahal izango dira 13:00etatik 15:00etara, lizentzia edota DNIa aurkeztuz. Box gunea, berriz, 15:00etan zabalduko dute. Bertara sartzeko ere derrigorrezkoa izango da 2012ko lizentzia edo DNIa aurkeztea. Ordutegiekin jarraituz, material kontrola 16:00etan itxiko da eta boxak 16:10ean. Azkenik, sari eta garaikurren banaketa Udaletxeko plazan egingo da 18:00etan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun