Metro Bilbaoko greba batzordeak ukatu egin du zuzendaritzarekin akordioa gertu dagoela "gatazkaren bost puntuetakoren batean". Garraio enpresaren egoitzaren aurrean egindako kontzentrazio batean Rafa Valencia (ELA) enpresa batzordeko presidenteak azaldu duenez, "hasieratik" geratu da agerian "ez zegoela negoziatzeko inolako asmorik". Izan ere, "ez dugu momentu batean ere akordiora iristeko gaitasunik izan". "Prozesua luzatu egin nahi izan dute, baina akordio batera iristeko asmorik gabe", Valenciak kritikatu duenez. Lan gatazka "berehala" auzitegira eramango zuela iragarri zuen atzo Txema Oleaga metroko presidenteak, langileekin bilduta egon ostean. Horri erantzunez, mobilizazioei eutsiko diete ELA, LAB, UGT, ESK eta CIM sindikatuek. Hurrengo lanuztea ostegunean egingo dute, 17:00etatik 21:00etara. Argazkian, metro geltoki bat gainezka abenduaren 21eko greba egunean / © LAB Metro Bilbao.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!