“Bazen behin Erromon...” lelopean, larunbat honetarako, otsailak 18, Inauteriak ospatzeko ekitaldiak antolatu dituzte
Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako jai batzordeak, Itzubaltzeta gaztetxeak, Zasi Eskola dantza taldeak eta Ziztu Bizian eskaut taldeak. Adin guztientzako jarduerak egongo dira: umeentzako jolasak, musika emanaldiak, sariketak... Gauzak horrela, 12:00etatik 14:30era izango dira txikientzako rokodromoa, puzgarriak, buruhandiak, ping-pong eta mahai-futbola, Santa Eugenia plazan. Tartean, umeen mozorro lehiaketa egingo dute 13:30ean. Arratsaldean, berriz, Pinueta aldean izango dira ospakizunak. 17:30ean, txokolatada egingo dute Cervantes plazan eta, ordu erdi beranduago, bertatik abiatuko dira kalejiran. Santa Eugenia plazara bueltatuta, 20:00etan hasiko da erromeria, Trikizio taldeak girotuta. Gauerako, mozorro lehiaketa antolatu dute tabernek. Argazkian, orain hiru urte dozena bat indio apatxe identifikatu zituen Ertzaintzak, Itzubaltzetako Inauterietan.