Inauterietan tabernen ordutegia luzatuko du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ots. 15a, 13:37

Inauterietan ostalaritzako establezimenduen ordutegiak ezohizko eran zabaltzeko erabakia hartu du Getxoko Udalak, "krisiaren eraginez zailtasun handiak jasaten ari den alorraren jarduerari laguntzeko helburuarekin". Horrela, kafetegien, tabernen eta jatetxeen ixte-ordutegia goizaldeko 3:30ak arte luzatuko dute otsailaren 17an eta 24an; eta 04:00etara arte hilaren 18an eta 25ean. Pubek eta klubek 05:00etan itxi ahal izango dute aipatutako lehenengo bi egunetan eta 05:30ean beste bietan. Eusko Jaurlaritzaren Ikuskizun publikoen eta jolas-jarduerei buruzko Legearen arabera, ostiral, larunbat eta jaiegun bezperetan 01:30ean itxi behar izaten dute tabernek eta jatetxeek; eta 03:00etan disko-tabernek, pubek, karaokeek eta antzekoek. Argazkian, parrandazalea gauaz gozatzen.

Algortako San Inazio eta Itzubaltzeta / Romoko jai batzordeek, Itzubaltzeta gaztetxeak, Ziztu Bizian eskaut taldeak eta Zasi Eskola, Berantzagi eta Itxas Argia dantza taldeek tokian tokian antolatutako egitarauek mozorroen lehiaketak, umeentzako tailerrak, desfileak, erromeriak, txokolate-janak eta musika emanaldiak aurreikusten dituzte, besteak beste. Algortako kasuan, antolatutako jarduerak otsailaren 18an, 19an eta 25ean izango dira eta gainontzekoetan hilaren 18an. Horiekin batera, ostiralean, hilak 17, urtero bezala, udalerriko hamaika ikaslek egiten dituzten desfileak ere izango dira, ikastetxeek beraiek antolatuta. Itzubaltzeta / Romo-Areetako kalejira 10:30ean hasiko da Romo herri ikastetxean eta Algorta-Getxoko desfilea ordu berean aterako da, baina Sarrikobasoko biribilgunetik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun