Disko eta Musika Azokak abiatuko ditu Inauteriak Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ots. 16a, 13:00

Ekitaldiz beterik datoz Inauteriak Sopelara. Larunbat honetan, otsailak 18, Disko eta Musika Azokaren bigarren edizioa egingo dute Jauregizar plazan, 11:00etatik aurrera, Sustrai Beltzak taldearen eskutik. "Diskoak erosi edo aldatzeaz gain, musika entzuteko aukera egongo da Sound Systemaren bidez", Sopela.net agerkari digitalak aurreratu duenez. Bitartean, jolasak eta eskulanak izango dituzte txikiek pilotalekuan, 11:00etatik 14:00etara. Arratsaldera helduta, 17:00etan hasita, Zirko Jaia egongo da frontoian. Hainbat eta hainbat tailerren (malabarismo, hankaluze, monozikloa, diaboloak, kariokak, salto akrobatikoak, sokaren gainean ibili...) bitartez, ikusle izatetik zirkuko parte hartzaile izatera igarotzeko aukera eskainiko da; eta 20:00etan disko-festa eta karaokea izango dira. Eguna bukatzeko, 21:00etatik aurrera, batukada kalejira egingo dute Katü Bürü taldearekin, Sopelako tabernetatik zehar, Udaletxeko plazatik abiatuta. Argazkian, hainbat ume mozorroz jantzita udal pilotalekuan, artxiboko irudian / © Sopelako Udala.

Igandean, otsailak 19, mozorro jaia eta desfilea izango dira Larrabasterrako Urko kiroldegian. Desfilean parte-hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da Kurtzio Kultur Etxean, eta banaka edo taldeka apunta daiteke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun