Aurreko urtetan ez bezala, asteburu berean izango dira aurten
Erandioko Udalak zein auzo ezberdinetako elkarteek antolatutako Inauteriak. Horrenbestez, Altzagan eta Erandion hilaren 17tik 19ra luzatuko dira haurrentzako jarduera, kale ikuskizun eta mozorro lehiaketak. Erandio Landan ere larunbatean bertan izango dira ekitaldiak. Ohiko lez, Goi-Alde taldeak euskal inauterietako dantzak egingo ditu, 19:00etatik aurrera, Euskadi plazan. Ondoren, Arrabots taldeak eskainiko du dantzaldia. Altzagari dagokionez, besteak beste, Koadrilentzako Mozorro Lehiaketa larunbatean izango da azoka zaharrean. Astrabuduara salto eginez, bihar, ostirala, Inauterietako folklorearen errepresentazioa egingo dute Trabudu dantza taldeko kideek, 19:30ean Jose Andres Mendiguren plazatik abiatuta. Iparraize taldeko txistulariak izango dituzte lagun. Argazkian, Amaia Ballesteros Lopezek irabazi du aurtengo Inauterietako kartel lehiaketa / © Erandioko Udala.