Gorlizen dagoen Fauna Basatia Sendatzeko Zentroko arduradunek 14 animalia askatuko dituzte bihar, ostirala, Mungialdean, Lemoizen eta Ilsoganan, Sopuerta aldean. Gainera, larunbatean, Bizkaiko Foru Aldundiko Base Gorriko langileek gauza bera egingo dute Bermeoko portuan urtarrilean aurkitu zuten itsas txakurkume grisarekin. Gorlizko zentroan konjuntibitis akutua sendatu ondoren, lehorretik lau miliatara askatuko dute foka, Matxitxako aurrean. Aldundiko iturriek jakinarazi dutenez, bihar goizean eta arratsaldean askatuko diren 14 animaliak honako hauek dira: gabirai bat, belatz bi eta bost zapelatz arrunt, Mungialdean; miru gorri bi, Lemoizen; eta hiru sai arre, Sopuertan, Ilsoganan. Arratsaldean, Fauna Basatia Sendatzeko Zentroko arduradunek hitzordua dute Orozkoko auzokide batekin. Izan ere, azkonar bat harrapatu izanaren berri eman zuen, eta etengabe arduratu da animaliaren bilakaeraz. Animalia bere habitat naturalera itzultzeko ekintzan parte hartuko du auzokide horrek. Argazkia: © Bizkaiko Foru Aldundia.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!