LAB, ELA, EILAS, EHNE eta ESK sindikatuek martxoaren 29rako greba deialdia aurkeztu dute gaur Eusko Jaurlaritzan eta Iruñeako Lan Departamentuan. Lakuako Gobernuko Bilboko ordezkaritzan, Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren-albokoak adierazi duenez, ”gure ardura eta konpromisoa langile-klasea defenditzea dela, langile-klase guztia: enplegua dutenak eta ez dutenak”. Bere esanetan, "erabaki diren eta iragarri zaizkigun murrizketekin batera, gure eskubide guztiak deuseztatu nahi dituzte". “Erreformaren ondorioz lan-harremanaren arautzetik beste aldi batera goaz, enpresariaren legera alegia: alde bakarreko erabakiak hartzeko erabateko aukera ematen dio, eta langileak babesik gabe uzten ditu”, gaineratu du Muñoak. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia ere Bilbon izan da. Berak salatu duenez, "Espainiatik inposatutako lan erreforma ez da erreforma orekatu bat, gaur ez dagoelako oreka posiblerik elite ekonomikoaren eskakizunen eta gehiengo sozialaren eskubideen artean". Grebarekin bat egiteko deia egin du Etxaidek, "Euskal Herrian alternatibaren bide egitea" erabaki behar dugula gaineratuz. "Demokrazia eta justizia soziala" aldarrikatu ditu LABekoak. Argazkian, sindikatuen ordezkariak Bilbon / © ELA.