Getxoko Udaltzaingoak 17 urteko auzokide bat atxilotu du gaur goizean, Algortako Julio Caro Baroja (Getxo I) institutu inguruan, osasun publikoaren kontrako delitua leporatuta. Beste bi mutili, bata 18 urteko barakaldarra eta bestea Lemoizeko adingabea, espediente administratiboa zabaldu diete, Herritarren Segurtasunaren Babes Legea haustea egotzita. Ondorioz 300 euroko isuna jarri diete, institututik gertu ere, kontsumitzeko sustantzia estupefazienterekin aurkitu ondoren, udal iturriek diotenez. Bertsio ofizialaren arabera, goizeko 8:35ak aldera kalez jantzitako udaltzain batzuek institutu ondoko autobus geltokian gazte talde bat ikusi dute, horietariko batzuk porruak erretzen ari zirela. Poliziek atxilotutakoari eta bere ziklomotorrari azaleko araketa egin diote eta marihuana eta haxix poltsa batzuk aurkitu ei dizkiote, prest saltzeko zeudenak. Horrekin batera, antza denez, salmentatik ateratako 620 euro eta salmenten kontabilitatea eramateko bi orritxo ere aurkitu omen dizkiote. Aipatutako gertaerengatik, gazte getxoztarra atxilotu dute eta, indarrean dagoen legea betez, beren gurasoen esku utzi dute. Udaltzaingoa argiketa egiten ari da, ondoren Fiskaltzara bidaltzeko. Argazkian, atzemandako materiala / ©
Getxoko Udala.