Ertzaintzak 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuen joan den ostiralean Getxo udalerrian, 2007an Leioan adingabeko emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta. Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldu duenez, orain lau urte pasatxo biktimaren txamarran aurkitutako DNA aztarnei esker lortu dute gizona harrapatzea. Usteko erasotzailea Leioan bizi zen orduan. Ertzaintzaren iturriek azaldu dutenez, gertaera Luis Bilbao Libano kalean jazo zen, 2007ko azaroaren 18an. Gizonezko batek 17 urteko neskatoari eraso egin zion, lurrera bota eta arrastatu ostean, Sabino Arana kalera joateko tunelean. Une horretan, pertsona bat agertu eta erasotzaileak ihes egitea lortu zuen. Ertzaintzak hainbat ebidentzia bildu zituen: biktimaren txamarran aurkitutako DNA laginetan oinarrituta atxilotu dute 34 urteko gizonezkoa, Getxo udalerriko bere etxebizitzatik gertu. Gaineratu dutenez, Leioako metro geltokiko kamerek egun horretan grabatutako irudietan ikus daitezke biktima eta ustezko erasotzailea bertatik irteten, segundo gutxitako aldearekin. Argazkian, abenduaren 13an, egun batzuk lehenago
10 urteko neskato batek pairatutako sexu-erasoa salatu zuten Leioan.