Getxo Aquariumek 100.000. bisitaria jaso du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ots. 20a, 17:31

Algortako Kirol Portuan dagoen Getxoko Udalaren akuarioa 100.000 bisitariren kopurura iritsi zen atzo igandean. Bisitari borobil hori Maria Antxia getxoztarra izan zen, hain zuzen ere. Getxo Aquariumen arduradunek 2012an bertara sartzeko urte osorako familia-txartela eta akuario txiki oso bat oparituz saritu zuten, oroigarri gisa. 100.000. bisitariak arratsaldez bisitatu zuen akuarioa Nadia bere alaba eta Pablo ilobarekin. Maria azaldu zuenez, "oso pozik" hartu zuen ekimena. Dena den atzokoa ez zen bere lehenengo bisita izan, hirugarren aldia baitzen zentroa bisitatzen zuela. "Ederra da, akuario aparta. Merezi du etortzea oso, gozatzen duzulako. Deigarri gertatzen zait bereziki anemonen mundua. Ziur nago oraindik jende askok ez duela ezagutzen eta horiek guztiak animatuko nituzke ikustera etortzeko”, gehitu zuen. Argazkian, Maria Antxia eta senideak atzo / © Getxoko Udala.

Getxo Aquariumak bost urte egin ditu udal kudeaketaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailaren laguntzaren pean. Izan ere, 2006ko maiatzean Abra Aquarium zenaz kargutuko zela iragarri zuen Getxoko Udalak. Oposizio taldeek hainbatetan salatu dute defizit handia eragiten duela eta Udal Gobernuak behin eta berriro ukatu du horrelakorik suertatzen denik.

Aniztasun handiko akuarioa

Ekipamendua "txikia den arren nazioarte mailako erakusketa kalitaterik handienetakoa duena" ei da, udal iturrien arabera. Kirol Portuko bere instalazioetan itsas biotopo askotarikoak hartzen ditu, alga eta arrainez beteriko hogei bat andeletan, hurbilekoak diren espezieekin (lupia, urraburu, muxarra, itsasuge...) zein tropikal exotikoekin (zirujau delako arrain deigarriak, esate batera), anemonekin, krustazeoekin... Akuarioak, 45 bat minutu irauten duten bisita-txandetan, Bizkaiko Golkoko eta itsaso tropikaletako aberastasuna ezagutzea ahalbidetzen du. Datilek igerialdi bertikaleetatik hasi eta itsas zaldi, koral basati, zapo, pailazo arrain, dragoi arrain edo hiru momar gazteekin harritzeraino. Marrazotxo horiek 4 urte egin dituzte eta dagoeneko ia 80 zentimetroko luzera dute. Getxon gainera, komunitate-uharriko akuario bakarra dago.

Zentroa ingurumena babestu, bere kontserbazioan hezi eta itsas bizitzaren ezaguerak zabaltzeko sortu zen. Urte hauetan sistema desberdinak garatu ditu bere akuarioek osasun ona izateaz gainera, Getxo Aquarium ere erreferente izan dadin bere erakusketa-mailari dagokionez. Horregatik, ikertzeko, ikasteko eta teknologia berriak probatzeko lana etengabea da.

Bere jarduera pedagogikoaren emaitza dira gero eta eskola gehiago hurbiltzen dela bertara (25.000 inguru azken urtean) eta EHUrekin duen lankidetza. Horri esker ehundik gora ikasle hartu dituzte. Erasmus eta Leonardo bekak zituzten hainbat ikasle ere hartu dituzte, eta hezkuntza bereziko, helduen, eguneko, ....zentroen bisitak ere jaso dituzte, instalazioak horretarako prestatuta daudelako. Halaxe egiaztatzen du behintzat “Helmuga Turistikoaren Bikaintasuna”-ren ziurtagiriak.

Akuarioak Itsas Akuariofiliaren Batzar Nazionala hartu du birritan eta ateak zabalik jardunaldiak egin ditu zenbaitetan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun