Bizkaiko Foru Aldundiak berritu egin du elikagaiak xahutzearen aurkako Bizkaiko Elikagaien Bankua elkartearekin zuen kolaborazio hitzarmena. Bankua irabazi asmorik gabeko elkartea da, interes sozial, humanitario eta ekonomikoak dituena eta helburutzat du xahutzearen eta gizarte bazterkeriaren aurka egitea. Xede nagusi hori lortzeko, elkarteak egoera onean egon arren bota egingo liratekeen elikagai soberakinak lortzen eta aprobetxatzen ditu. Lan horretan, boluntarioek elikagaiak bilatzen, eskatzen eta berreskuratzen dituzte, eta lurraldeko irabazi asmorik gabeko erakundeei eta pertsonei helarazten dizkiete. Erabakiari esker, "Bizkaiko Elikagaien Bankuaren Gizarte Jarduna 2012" programari erantzuteko lankidetza finkatu da. Orotara, urteko laguntza 12.000 eurokoa izango da. Erabakiaren bidez, Bizkaiko Elikagaien Bankuak elikagaiez hornitzeko konpromisoa hartu du, zenbait hornidura iturriri esker. Horretaz gain, elikagaiak sailkatu eta bildu, erakunde sozialei banatu eta kudeaketaren barne antolaketarako ardura ere bere gain hartu du. Lankidetza horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak jabetzan duen pabiloi bat laga dio erakundeari elikagaien biltegi gisa erabil dezan. Izan ere, 2011ko apirilaren 11n sute batek erakundearen instalazioak suntsitu zituen eta hortaz, nabe nagusi gabe geratu zen.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.