Elkartasuna adieraziko diete etzi jaietako iragarkiengatik edota kartelak jartzeagatik auzipetutako Itzubaltzeta, Leioa eta Erandioko herritarrei

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ots. 21a, 09:08

"Eskubide zibil eta politikoen alde! Utzi herriak bakean!" lelopean, manifestazio batek zeharkatuko ditu Itzubaltzeta / Romoko kaleak, ostegun honetan, otsailak 23. Hitzordua Santa Eugenia plazan jarri dute, 19:30ean. Horren bitartez, presoen argazkiak agertzen ziren jaietako iragarkiengatik edota Erika Bilbaoren tortura salaketa zabaltzeagatik auzipetuak izan diren aipatu herriko, Leioako eta Erandioko bizilagunei elkartasuna adierazi nahi diete; baita Espainiako Auzitegi Nazionalak auzi horiek amaitutzat jo ditzala exijitu ere. "Terrorismoa goratzea" leporatu diezaiekete. Manifestaziora deitzeko, hiru herrietako hamarnaka eragileetako ordezkariek egin zuten agerraldia hilaren 14an Itzubaltzetan. Adierazi zutenez, "zitazioen oinarriak, eskualdeko preso politikoei elkartasuna helarazteko adierazpenak eta haiei dagozkien eskubideen aldarrikapena, kriminalizatzea du xede". Baina, beraien ustez, "zitazioak harago doaz, eskubide guztien urraketa ematen baita". "Herriko jaiak antolatzeagatik edota kartel batzuk jartzeagatik herritar ugari Audientziara jaisten ari dira bi urteko kartzela zigor eskakizunei aurre eginez", salatu zutenez. Erandioko Hegoalde kultur elkarteko lau kide eta San Agustinetako jai batzordeko presidentea urtarrilaren 9an aurkeztu behar izan ziren Auzitegi Nazionalean. Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako jai batzordeko presidenteak, berriz, aste bete beranduago egin zuen Madrilerako bidaia. Leioako bost herritar ere Auzitegi Nazionaletik noiz pasatuko zain daude, haien aurkako egozteen aurrean aitorpen judizialak egiteko. Argazkian, agerraldia hilaren 14an Itzubaltzetan.

Aipatu laguna akusatu gisa galdekatu zuen urtarrilaren 16an Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Aretoko epaileak. Jai batzordeak berak jakinarazi zuenez, iazko jaietako liburuxkan argitaratutako bi iragarkitan "'terrorismoaren goratze' ustezko delituren bat egon daitekeela uste du magistratuak". Lehenengo iragarkian, Branka kultur elkartekoan, bi auzokide preso ageri dira: Imanol Beristain, Segi gazte erakunde ilegalizatuko kide izatea leporatuta 2010eko urriaren 22an atxilotu zutena eta egun preso prebentibo gisa epaiketaren zain dagoena eta Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" herriko kazetari, idazle eta presoa, Euskal Herritik urrun 15 urte baino gehiago eman dituena eta ama oso gaixorik duena. Biak ala biak "preso etarrak" dira epailearentzat. Bigarrenean, herriko txosna batzordekoan, epaileak ez zuen zehaztu zein izan daitekeen usteko legez kanpoko elementua. Bertan, "Euskal Presoak Euskal Herrira" lelopeko bandera bat ikus daiteke.

Bestalde, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu zuten urtarrilaren 9an Mikel Urriz, Angel, Txantxel eta Jon Vecchio Erandioko Hegoalde kultur elkarteko kideek eta Iñaki Duñabeitia auzoko jai batzordeko presidenteak. Marlaskak 2011ko San Agustin jaietako liburuxkan agertutako iragarki batengatik galdekatu zituen. Publizitatean, besteak beste, Ekin erakunde politiko ilegalizatutako kidea izatea leporatu zioten eta Hegoaldeko bi bazkideren alaba den Erika Bilbao preso prebentiboaren argazkia, Arrano Beltza eta "Erika maite zaitugu" eta "Euskal presoak etxera!" leloak agertzen ziren.

Tortura salatzeagatik

Ertzaintzak bi herritar atxilotu zituen 2010eko irailaren 24an Leioan. Erika Bilbaoren atxiloketa eta jasandako torturak iragartzen zituen panelak zeuden jartzen eta Ertzaintza patruila bat "oso oldartuta" hurbildu zitzaien. Inguruan zeuden beste hiru pertsona identifikatu eta aipatu bi lagunak atxilo hartu zituzten eta Erandio Landako Ertzain-hirian gau pasa egin behar izan zuten. "Agintaritzaren kontrako atentatua" eta "terrorismoa goratzea" leporatuta, hasiera batean Getxoko Epaitegira bideratu zuten auzia. Joan den hilean, baina, "terrorismo goratze" salaketa bere gain hartzen zuela jakinarazi zien Auzitegi Nazionalak bostei. Abokatua izendatu ostean, zitazioaren zain daude leioaztarrak.

Hilaren 14ko agerraldian irakurritako adierazpena:

Eskubide zibil eta politikoen alde! Utzi herriak bakean!

Garai berri baten atarian gaude Euskal Herrian. Bake eta askatasunaren helmugara heltzeko aukerak daudela sumatzen den garaia hain zuzen. Pertsona guztien eskubideak errespetatuak izango diren eszenatokia. Bai eragile ezberdinek emandako urratsak eta bai ETAren jarduera armatuaren amaierak sortu dituzten baldintzak, gatazka politikoaren konponbidea ekartzeko aukera gisa baliatu beharko genituzke.

Garai berri honetan milaka lagun lanean jarri dira eta Euskal Herriak merezi duen etorkizuna lortze aldera haien konpromisoa berretsi dute. Inongo biolentziarik gabeko Euskal Herria nahi dugu, mehatxu gabeko Euskal Herria, presio gabekoa, Inongo jazarpen eta tortura gabeko Euskal Herria. Pertsona orok euren eskubideak bermatuta dituen Euskal Herria eta proiektu politiko guztien egingarritasuna bermatzen den Euskal Herria. Iheslari eta preso politiko gabeko Euskal Herria.

Jai herrikoien alde era irekian lan egin daiteken Euskal Herria nahi dugu, non dantza egitea, ondo pasatzea, abestea… aldarrikatu dezakegun, Audientzia Nazionalean bukatzeko arrisku gabe.

Zoritxarrez oraindik badaude zenbait indar aurreko eszenatokira tinko oratzen direnak, Euskal Herritarren gehiengoaren nahiaren kontra baldin bada ere. Badaude gaur egun ere antzinako eskemei eusten dieten aldeak, gure eskubide zibil eta politikoen urraketaz baliatuz Euskal gizarteari benetako bake justu baten esperantza lapurtzeko asmoz.

Honen adibide, Erandio, Erromo eta Leioako herritarrek jasotako epaitegiko zitazio franko. Urtarrila eta otsaileko hilabeteen artean hainbat auzotar Audientzia Nazionalean epaituak izaten ari dira. Zitazioen oinarriak, eskualdeko preso politikoei elkartasuna helarazteko adierazpenak eta haiei dagozkien eskubideen aldarrikapena, kriminalizatzea du xede. Baina, zitazioak harago doaz, eskubide guztien urraketa ematen baita, herriko jaiak antolatzeagatik edo/eta kartel batzuk jartzeagatik herritar ugari audientziara jaisten ari dira bi urteko kartzela zigor eskakizunei aurre eginez. Errepikatzen dugu: jaiak antolatzeagatik edo eta kartelak jartzeagatik.

Gauzak horrela, idazki honen bitartean biltzen garenok, normalizazio politikoan aurrerapausoak eman daitezen, epaiketen eta sententzia politikoen amaierak ezinbestekotzat jotzen ditugu. Idazki honen bitartez, Erandio, Leioa eta Erromoko herritarren aurka dauden auzi guztiak amaitutzat jotzea exijitzen dugu.

Pertsona orok euren eskubideak bermatuta edukiko dituzten jokaleku eta eszenatoki demokratikoa lortze aldera ezinbestekotzat jotzen dugu ekimen politikoen jazarpena bukatzea eta legalizazioa. Inork ezin du eragile ezberdinek egiten dugun lana ikuskatu, horregatik, idazki hau sinatzen dugun eragile politiko, sindikal, kultural edo/eta kirol eragileok eraso hauen aurrean herri-erantzuna emateko deialdia luzatzen dugu. Batetik, dinamika honekin bat eginez eta, bestetik, otsailaren 23an egingo den manifestazioan parte hartuz. Manifestazioa Erromo auzoko Santa Eugenia plazatik abiatuko da arratsaldeko 7:30ean "Eskubide zibil eta politikoen alde! Utzi herriak bakean!" lelopean.

Manifestaziorako kartela

eskubideak-manifestazioa-20120223
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun