Etzi erabakiko dute Iker Beristain preso algortarraren kontrako euroagindu eskaera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ots. 21a, 09:12

Iker Beristain Gutierrez preso politiko algortarrak Frantzian ezarritako espetxe zigorra otsailaren 4an bukatu bazuen ere, hilaren 23ra arte luzatu diote kartzelako egonaldia. Izan ere, Espainiako Gobernuak eskatutako agindua erabakitzeko hilaren 2an egiteko zen bista berriro atzeratu egin zen, Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak bidali beharreko paperak Frantziako epaitegira iritsi ez zirelako, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak azaldu duenez. "Horren aurrean, ez zegoen garbi zer egingo zuten, espetxe zigorra 4an amaituko zuelako, baina Frantziako tribunalak erabaki zuen preso atxikitzea paper horiek iritsi artean. Ikerren protestaren aurrean justiziaren kontuak batzuetan horrelakoak direla esan zioten. Eta orain, itxuraz paper horiek eskuratu ostean, euroaginduaren bista hilaren 23n egingo dela jakinarazi diote", zehaztu dutenez. Hartara, erabakia berehala gauzatuko delakoan dago AAM, arestian esan bezala, espetxe zigorra dagoeneko amaituta daukalako; eta "euroagindua aplikatu eta Madrilera eraman edo mugan libre utzi beharko dute, zigorra amaitzerakoan Frantziatik kanporatzea ere erabaki zutelako". Argazkian, Iker Beristain epaitu zuteneko pankarta / cc-pd Etengabe.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun