Emakumeek gizonezkoek baino %26 gutxiago kobratzen dutela salatu du Emakundek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ots. 21a, 18:27

Bihar, otsailak 22, emakume eta gizonen arteko soldata berdintasunaren aldeko eguna izango da. Hori dela eta, Emakunde emakumearen euskal erakundeak gogoratu du soldata diskriminazioa dela gaur egun emakume eta gizonen arteko ezberdintasuna eragin eta betikotzen duen faktoretako bat, sexuen arteko bereizketa sustatzen duena. Soldatan egindako bazterketa datuen bidez plazaratu du Emakundek. Gauzak horrela, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) egindako "Soldata-estrukturari buruzko inkesta" ikerketaren arabera, bataz beste, emakumeek urtean 19.771,80 euro irabazten dituzte, eta gizonek, ordea, 26.911,40 euro. Ezberdintasuna 7.139,50 eurokoa da. Hortaz, emakumezkoek %26,53 gutxiago jasotzen dute beren lanagatik. Argazkian, 2010eko Emakumeen Mundu Martxak emakumeen lan behin-behinekotasun egoera salatu zuen.

Sektoreei erreparatuta, ezberdintasun handienak zerbitzuetan ematen dira eta, gainera, emakume gehien lan egiten duten sektorea da. Zerbitzuetan, gizonek 100 irabazten badituzte, emakumeek lan beragatik 65-67 artean. Espainian soldaten ezberdintasuna %25,6 den bitartean, Europar Batasunean %17,4koa da.

Emakunderen aburuz, "datuak argiak badira ere, askotan iritzi publikoak zailtasunak izaten ditu diskriminazio hau eragiten duten faktoreak zehazteko, eta, ondorioz, gai honetaz gizarteak duen kontzientzia ez da izaten arazoaren garrantzi eta larritasunaren neurri berekoa".

Zentzu honetan, bereizketa horrek, "emakumeak lan mota zehatz batera mugatzen ditu eta lidergo postuak gizonentzat izaten dira", ohartarazi du Emakundek, horregatik "lan batzuk emakumeentzat direla uste da, okerrago ordaintzen direlako".

Horrekin batera, kontuan izan behar da askotan emakumeak malgutasun handiagoko lanpostuak aukeratzen dituela lanean eta familian dituen eginbeharrak orekatu ahal izateko, horrek aipatutako zeregin bereizketa indartzen duelarik. Ondorioz, zatikako ordutegia duten lanpostuetan emakumeak nagusi dira mundu osoan. Konkretuki, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokionez, zatikako ordutegia duten lanpostuen %85,3 emakumeek betetzen dute. Izan ere, emakumeen %27k du kontratu partzialen bat, gizonezkoen artean kopuru hori %4ra ailegatzen ez den bitartean.

Bestalde, Emakundek azpimarratu du "sektore informalean lan egiten dutenen gehienak emakumeak direla". Oraindik portzentaje handi batean "emakumeei egokitzen zaien familia eta etxeko lanaren ardurak galarazi egiten dio sarritan emakumeari lan munduan gizonarekin berdintasunez lehiatzeko aukera". Hainbat lan eremutan gizonezkoen presentzia nagusi izanik, hauek jasotzen dituzten ordainsari osagarriek oraindik gehiago handitzen dute batzuk eta besteen arteko soldaten arteko diferentzia, oinarrizko soldaten gainetik
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun