Leioako Umore Azokak 420 proposamen artistiko jaso ditu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ots. 21a, 20:50

Leioako Umore Azokak 400dik gora proposamen artistiko jaso ditu maiatzaren 17tik hasi eta 20ra arte ospatuko duen hamahirugarren edizioari begira. Urtero urtero, kaleko arteen arloan ematen diren azken berrikuntzen inguruan sektoreko profesionalak zein ikuslego orokorra bilduz, ezinbesteko erakusleiho bilakatu da Leioako Umore Azoka, Kaleko Artisten Azoka gisa ere ezaguna dena. Garrantzi horren jakitun, maiatzaren 17tik eta 20a bitarte ospatuko den hamahirugarren edizioan parte hartzeko laurehunetik gora proposamen artistiko aurkeztu dute sektoreko profesionalek. Konpainia, elkarte edota banatzaileak oro har kontuan izanda, 358 erakundek euren prestutasuna agertu dute Umore Azokako antolatzaileek luzatu eta joan den urtarrilaren 30era arte epea zabalik izan duen deialdiari erantzunez. Guztira, 420 ikuskizun edo proiektu aztertu beharko ditu Umore Azokaren batzorde artistikoak, ikuslego eta profesionalei ikuskizunak aurkezterako orduan Feria honek pizten duen interes altuaren isla. Argazkian, plazaratutako ikuskizunetako bat / © Umore Azoka.

Leioako Udalak jakinarazi duenez, ikuskizunen jatorria, gehien bat, Estatu Espainiarrekoa da. Handik, Nafarroa Garaia barne, datoz proposamenen %55,58. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokionez, helarazitako eskaintzen %10,61 dator bertotik. Izan ere, Ipar Euskal Herritik eta Espainia ez diren atzerriko beste herrialdeetatik produkzioaren %33,70 jaso dute. Atal horretan eman den gorakada nabarmendu nahi izan dute Udal iturriek. Dena den, antolatzaileek egingo duten aukeraketa itxaron beharko da jakiteko zenbat izango diren euskaraz ikusi ahal izango diren antzerkien kopurua.

Horrela, Udalaren ustez, "Umore Azokaren berezko ezaugarri diren ilusio eta pasioz gainezka hurbiltzen ari gara hamahirugarren edizio honetara, bere kartelean agertzen den begirada xalo, adi eta harridurez gosetia bezalakoa.

Amets, ilusio eta pasioz beteriko hitzordua

Leioan, lau egunez, asia eta kultura "guztien onurarako zerbitzu" bilakatzen dira, Umore Azokak sorkuntza eszenikoak aurkezteko kaleko espazioa erabiltzen duten konpainien aldeko apustua egiten baitu. Kalea da, hartara, Azoka hau bereizten duena. Bereizketa horrek, "kalitate irizpidetik banaezina dena", ikuskizun bila datozen profesionalentzako deiadar bezala jokatzen du. Izan ere, "kalearekin esperimentazioaren alde egiten du Umore Azokak, espazio publikoan aurkezteko bereziki asmatutako adierazpen artistikoen alde, kale eta leku zabalen ez ohizko erabilera proposatzen dutenen alde", azaldu dute antolatzaileek.

Umore Azokak ikuslegoa gozarazi eta dibertitzea xedea izateaz gain, kaleko artistek Arte Eszenikoentzako eta gizarte dinamizazioarentzako ekarpena azpimarratzea du helburu. Kaleko artista eta programatzaile guztien elkargune bilakatu nahi du, eskaintzari buruzko informazio bideak sorraraziz eta ikuskizun berri, konprometitu eta lehiakorren eskaria areagotuz.

Umore Azoka edo Leioako Kaleko Artisten Azoka, Leioako Udaleko Kultura Arloak antolatzen du, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntzarekin. Umore Azoka Antzerki, Zirkuitu, Entzutoki eta Jaialdien Sare Espainiarra, COFAE ­ Estatu Espainoleko Arte Eszenikoen Ferien Koordinakundea eta Artekale­ Euskadiko Kaleko Arteen Topaketa Profesionalen kidea da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun