Gizarte Arloko zazpigarren Epaitegiaren ebazpena
Santo Tomas egunean egindako lanuzteetan Metro Bilbaoko zuzendaritzak "greba eskubidea urratu" zuela ebatzi du Bilboko Gizarte Arloko zazpigarren Epaitegiak. LAB sindikatuak salatu zuenez, garraio enpresako arduradunek "behin baino gehiagotan galarazi" zieten greba batzordeko kideei Nafarroa kalean dagoen bulego nagusian sartzea. Horren bidez, "lanuzteen jarraipena egitea eta enpresak grebaren arautegia zein gutxieneko zerbitzuak betetzen zituen egiaztatzea oztopatu zuten", langile erakunde abertzalearen hitzetan. Hain zuzen ere, greba batzordearen izenean aurkeztu zuen salaketa LABek; baita egun horretan identifikatutako hiru langileen partez ere. Epaiaren arabera, enpresa zuzendaritzak ekintza horien ondorioz eragindako kalteei aurre egin beharko die: besteak beste, langile guztiei epaiaren berri eman beharko die gutxienez hiru egunez enpresako intranetaren edo barne ohar baten bidez. Argazkian, Ertzaintza Metro Bilbaoko bulego nagusiaren aurrean, Santo Tomas egunean / © LAB Metro Bilbao.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!