Euskal preso eta iheslari politikoak etxeratzearen aldeko Itzubaltzeta / Romoko Herri Bilguneak hileko azken ostiraletan deitzen ohi diren elkarretaratzeetara joateko deia luzatu die auzokideei, lehenengo aldiz. Zehazki, Itzubaltzeta / Romo eta Areeta batzen diren Xake plazan jarri dute hitzordua etzi, ostirala, 20:00etan. Herri Bilguneko kideek azaldu dutenez, aurretik Senideak eta
Etxerat elkarteek zein Egin Dezagun Bidea ekimenak antolatu dute herriko elkarretaratzea, baina
hilaren 3an eratutako auzokideen kolektibo horrek lekukoa hartu die azken ostiraletako deialdian, "presoen eskubideen babesa eta etxera ekartzea herriari dagokiola" uste dutelako. Bestalde, jakinarazi dutenez, hilaren 9an egindako bigarren bileran adostu zuten bezala, Herri Bilguneko lantaldeak martxan ari dira jada eta haietan parte hartu nahi duenak azken ostiraleko kontzentrazioan izango du izena emateko aukera. Egun horretan egoterik izango ez dutenek ere, "euskal preso eta iheslari politikoak etxera ekartzeko" bere ekarpena egin ahal izango dute martxoaren 15ean, osteguna, jarri duten bileran. Arratsaldeko 7:30ean izango da, kultur etxean. Argazkian, Beristain atxilotu zuten egunean.