ALBEk zehaztu duenez, "aurretik, afaria eta ondoren, saria" izango da. Sei bertsolarien arteko nor baino nor lehia Asier Ibaibarriaga, Martin Aramendi, Mirari Azula eta Josu Arroyo epaileek baloratuko dute, txapela zeinen burura joango den erabakiko dutela. Gai-jartzailea Miren Loizaga sopeloztarra izango da.
Afarirako txartelak eskuratzeko albegetxo[abildua]gmail.com posta elektronikora idaztea edo 605 704 385 telefonora hots egitea baino ez da egin behar. Hamabost euro kostatuko du afariak.
Aurreko edizioak
Jon Sarasua, Jesus Mari Irazu, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Estitxu Arozena pasatu ziren lehenengo urteetan Abra jaialdiaren oholtzatik. Hasiera batean udaberriko bertso-jaialdia izan bazen ere, 2002an sariketa bihurtu zuen ALBEk. Geroztik, Nerea Elustondo, Jon Martin, Xabier Paya, Ohiana Bartra, Maddalen Arzallus, Jone Uria edota Asier Azpirozek bete dute Abra sariko txapeldunen zerrenda. Euskal Herri osoko bertsolari gazteekin gauzatzen ohi dute kartela, 19 eta 22 urte bitartekoak izaten direla beti. Horrezkero, 60tik gora bertsolari gazte pasatu dira Abra Sariaren taulatik. Iazko berrikuntza, berriz, afari formatua izan zen. Aurten ere, sariketa afaldu ondoren jokatuko da.
Euskal Herriko bertsolari gazteentzako Abra Saria etzi, ostiralean, jokatuko da Algortan.