LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek zabaldutako oharra
Leioako adinekoen egoitzako dozenaka langile elkartu ziren atzo goizean aipatu zentroko atarian, ordezkapenen murrizketa ematen duten zerbitzuaren kalitatea "okertzen" ari dela salatzeko. Gaixotasun, baimen edo oporren ondorioz izaten diren gabeziak "neurri handi batean ez direnez betetzen", besteak beste, "lan txandak hamar pertsonatik zazpira" txikiagotu direla, "menuak aldatu" behar izan dituztela eta "garbiketa zerbitzua ixteko zorian" daudela adierazi zuten beharginek. Txandako lankide bat falta denean, "gainontzekoen lan karga handitu" ere egiten dela salatu zuten. Baita ordezkoak kontratatu barik foru arduradunek "enplegua suntsitzen" ari direla ere. Guzti hori, kontuan izanda Leioako egoitzan 280 aiton-amon inguru daudela, horietako batzuk menpekotasun maila handiarekin. Horiei guztiei arreta emateko, 200 bat lagunek lan egiten dute bertan. Argazkian, babesa emanez, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko (GUFE) zein Aldundiko LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariak izan zituzten lagun beharginek.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!