Iluntzean abiatuko dute Ekozinemaldia Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ots. 22a, 18:17

Ekologistak Martxan erakundeak seigarren urtez antolatu duen Ekozinemaldia iluntzeko 8etan helduko da Leioara. Izan ere, bertako Udondo gaztetxeak gaur hasi eta ostiralera arte zazpi dokumental ekologista eta garapenkeriaren aurkakoak proiektatuko ditu, egunero, 20:00etan, erabat doan. Bertan ikusi ahal izango diren filmak honako hauek izango dira: gaur, "Ez hemen ez inon. Ingurumen gatazkak eta erresistentziak elkarlotzen" eta "La MAT. A donde nos lleva el progreso"; bihar, "La Abuela Grillo" eta "Sweet Crude", eta ostiralean, "Sucumbios, Tierra sin Mal", "Palme Off" eta "Amanece dignidad. Voces latinoamericanas frente al poder de las multinacionales". Ekozinemaldia Euskal Herriko 13 hiri eta herritan egiten ari da. Bizkaian, Leioaz gain, Barakaldo, Basauri, Bilbo eta Muskizen dago dokumentalak ikusteko aukera, martxoaren 4ra arte. Argazkian, "Sweet Crude" filmaren irudi bat / © Kendra E. Thornbury - Sweet Crude.

Ekologistak Martxanen aburuz, munduan "gertatzen dena inoiz baino larriagoa da, krisialdi deritzon honek hemen jarraituko duelako, ereduaren porrota baita. Ez da soilik krisialdi ekonomikoa, baizik eta baliabideena ere bai. Baliabide asko murrizketen eremuan sartu dira: petrolioa, gasa, uranioa, kobrea, burdina, urrea eta abar... Edonon, baliabide gehiago eta zailenak eskuratzeko proposamen desberdinak ikusten ari gara... Inoiz ez dute kontuan hartu baliabide hauek ustiatzeak eragin zitzakeen kalteak, hortaz, orain are gutxiago. Gauza bera jendarteari dagokionez, baliabide horiek lapurtzen baitizkiote, edo ustiarazi edo ingurumena hondatu".

Lapikoaren azken hondarrak biltzen

Kolektibo ekologistak salatu duenez, petrolioa ustiatzeko "oihanean gero eta barrurago sartzen dira dena suntsituz". Era berean, elikagaiak erregaiak ekoiztera bideratzen dira. Bestetik, meatzea ustiatzeko, dena kentzen da, lur guztia eta bertan dagoena (ingurumenak, herriak, baratzak) zulo batetik desagerraraziz.

Azken baliabideak ustiatzeko ahalegina edo hauek baino prozesu garestiagoen adibideak hemen ere badauzkagula gogoratu dute, ez Hegoaldean soilik. Horien adibide dira hausketa hidraulikoa (Fraking) edo zentral nuklearren bizitza luzatzea (Garoña, Ascó, Cofrents), helburua dauden baliabideei abantaila ateratzea baita, edo koke lantegiak (Petronorrena) ekoiztutako petrolioari gehiago ateratzea. Azken hori eta irizpide horren baitan dauden bestelako azpiegiturak (superportuan ere koke lantegia, nekazaritzako erregai lantegia eta ziklo konbinatuko zentrala proposatzen dituzte) "Ez hemen, ez inon" filmean aztertzen dira.

Baina, aldi berean, ekoizpena areagotzen eta horretarako irtenbide gehiago bilatzen jarraitzen dute. Hori da elektrizitatearen kasua, eta proposatutako banaketa sare berriena (hain zuzen, "La MAT" filmak aztertzen duena, iaz Goi-tentsioak bezala). Eta transnazionalek haien mugak mugitzearekin batera, haien jarrera ere areagotzen dutela salatu dute, "handikeria, harrokeria eta indarkeria" aipatuta: "dorre handi berriak eraikitzen dituzte, baina biztanleriarekiko jarrerak okerrera egiten jarraitzen du, hainbeste lekutan aspalditik erakutsi dutenez".

Ekozinemaldiaren errepasoarekin jarraituz, errepresioari tarte bat utzi diote. Izan ere, "hemen ere ezaguna zaigu; oraingoan, batez ere, AHTren aurkako mugimenduan dauka jomuga, zenbait epaiketa abiatuta", antolatzaileek azpimarratu dutenez. Italiatik ere, azken egunotan Susa Haranean izandako sarekadaren berri izan dugu. Bai, hemengo egoera eta beste lurralde batzuetakoa elkartzea ere bada aurtengo EkoZinemadiaren helburua. "Azken finean, helburu bera dago ingurumenari eragindako kaltearen atzean: etekina. Etekina eta errespetu eza. Aurten ere, geuk (Ekologistak Martxan) ekoiztutako film bat daukagu. Bertan, sei gatazka desberdin lotzen dira: hemengo hiru eta beste herrialde batzuetako beste hiru, guztiak hemengo konpainiek bultzatuak", azaldu dutenez.

Nigeria eta Indonesiako egoerak ikusgai

Horrenbestez, aurten ere ordezkaritza anitza izango da, bai Latinoamerika, bai Afrika eta Asiako filmak aurkeztuz. Aipamen berezia merezi du "Sweet Crude" filmak (‘Petrolio gozoa’, baita ‘gordin gozoa’ ere), Nigeriako egoera erakusten duena. Gai hori aspalditik erakutsi beharreko horietako bat da, baina zailtasuna material gabezian dago. Garrantzitsua da handik baitatorkigu gure energia ekoizteko erabiltzen dugun gas asko: 1995 eta 2010 artean, handik etorri zen euskal erkidegora inportaturiko gasaren %44. Eta gure energia ekoizpen gehiena ziklo konbinatuko zentraletan (gasa erabiltzen dutenak) oinarritu da azken urteotan: 2009an horrela ekoiztu zen EAEko %58,9. Alabaina, jakina da Nigeriako Nigerreko deltaren egoera: "infernua; bai ingurumen aldetik, bai jendarteari dagokionez, errepresioa, indarkeria, pobrezia eta gosea baitira nagusi".

Antzeko egoera gertatzen ari da Indonesian, petrolioa ordezteko inposatu den nekazaritzako erregaien bidez. Han ere, ondorioa krudela da: lurrak lapurtu dituzte eta oihana suntsitu eta erre da. Urtero, 2,8 milioi hektarea oihan galtzen dira. Hau, ingurumenaren ikuspegitik, beste amesgaizto bat dugu, CO2 ekoizpena larriki biderkatu baita. Eta errepresioa eta indarkeria ere nagusi dira. Euskal Herrian badugu han gertatzen den egoeraren erantzukizuna, hemengo nekazaritzako erregaia hango oiloekin egiten baita: 2010ean 35.000 tona palmondo olio inportatu ziren EAEra, %96 Indonesia urrunetik.

Egoera horien guztien ondorioz inspirazio asko ere aurkituko dute ikusleek 6. Ekozinemaldian, esaterako, MAT geldiarazteko baso-ekintzaileak, edo Nigeriako MEND, edo Latinoamerika osoan meatzaritzaren aurka altxatu diren herriak, edo Rossporten Shell eta bere babesleen aurka aritzen den komunitatea… "edo hemengo egoera, triskantzak iraun badirauelako, baina erresistentziak ere bai!", azpimarratu dute Ekologistak Martxan taldeko kideek.

Leioan ikusgai izango diren filmen sinopsiak

“Ez Hemen Ez Inon”
Ana Moreno / Ekologistak Martxan (Euskal Herria, 2012, 52'). Euskal Herriak industrializazio bortitzaren eragin handia jasan du. Honen ondorioz ere, zenbait enpresa sortu ziren, egun munduko boteretsuenen artean daudenak. Haien helburu nagusia, beste enpresa transnazionalena bezala, etekinak dira, inolako kezkarik ez dutela ingurumenean eta jendartean eragiten dituzten ondorioen inguruan. Euskal Herrian aurrera daramatzagun borroka askok, badute harremanik beste leku batzuekin. Film honetan, zenbait gatazka erakusten dira (petrolio eta gas ustiapena eta ekoizpena Argentina eta Nigerian, urtegiak Brasilen...) hemengo beste batzuekin elkarlotuta.

“La MAT. A dónde nos lleva el progreso”
Javier Collado Reigadas eta Ales Payas Felis (Katalunia, 2011, 28'). MAT (Oso Goi-tentsioko Linea elektrikoa, espainoelz) bai legezko ekintzekin, bai zuzenekoago ekintzekin borrokatu da, esaterako, Estatuan baso bat lehen aldiz okupatuta. 440KWko linea elektrikoak Penintsula zeharkatuko du eraztun energetiko baten baitan, Europa eta Afrikako Iparraldea zeharkatuta Espainiako gehiegizko ekoizpenari eta Frantziako nuklearretakoari irteera emateko. Desjabetzeak, naturaren suntsipena, paisaiaren gaineko eragina, osasunerako arriskuak... eta, gainera, konbentzitu nahi gaituzte erabat nahitaezkoa dela ekonomikak hazten eta kapitalismoak funtzionatzen jarraitzeko.

"La abuela grillo"
The Animation Workshop, Danimarka eta Animatzaile Boliviarren Komunitatea (Bolivia, 2011, 13'). Marrazki bizidunetako film laburrak ayoreo (chaco borealeko herri indigena) mitoaren moldaketa bat aurkezten du, istorioa alegia bihurtuta mundu garaikideko funtsezko gai bati heltzeko: uraren merkaturatzearen kontrako herrien borroka.

"Sweet Crude"
Sandy Cioffi (Nigeria/Kanada, 2009, 93’). Nigerian, Nigerreko Deltaren historia, 50 urtez petrolioa erauzi izanaren giza eta ingurumen ondorioak eta Nigerreko Deltaren Emantzipazioaren Mugimendua baitan duen matxinada bateko kide gazteak. Filmak eskualdeko estatistika eta kazetaritza-sentsazionalismoaren atzean dagoen gizatasuna erakusten digu, ahotsa ematen die kaltetuei, eta publikoa benetako historia ezagutzera gonbidatzen du.

"Sucumbíos, tierra sin mal"
Arturo Hortas (Ekuador, 2011, 30') Chevron-Texacok Amazonian sortutako ingurumen kalte zenbatezinen ondorioz, talde ekologistak eta Amazoniako natiboak lege-demanda luze batean murgildu ziren. Lurralde honetako biztanleak etengabe zebiltzan hara eta hona “Gaitzik gabeko Lurra”-ren bila, elikagai asko eta jendearen artean bakea izango zituena. 2011n ehun urte bete ziren Ekuadorren lehen aldiz erauzi zenetik petrolioa. Sucumbiosen 1967an hasi zen, bost nazionalitate indigena kaltetuta. Horietako bat Pueblo Cofán da.

"Palme off"
Palma-olio plantazioek Indonesian kalteturiko indigenen testigantzetan oinarrituta, plantazio hauek haien tokiko ekonomian, ingurumenean, kulturan eta etorkizuneko belaunaldien geroan dituzten ondorioen berri ematen du.

"Amanece Dignidad"
Anna Castillo (2011, Bolivia, Ekuador, Venezuela, Euskal Herria, 30´). Duela zenbait hamarkada esaten da multinazionalak Latinoamerikara iritsitakoan aurrerakuntza sustatu eta biztanleriaren bizi-kalitatea hobetuko zutela. Aitzitik, gizarte eta ingurumen ondorio latzak sortu dituzte. Horrela bizi izan du Domingak Bolivian, Gloriak Ekuadorren eta Norquisek Venezuelan. Ondorio hauen aurrean, beren komunitateekin batera antolatu dira euren eskubideak defendatzeko eta bizimodu duina ahalbidetuko dieten bestelako garapen ereduak exijitzeko. Hauek dira beraien istorioak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun