Kataluniatik kontzertu bira abiatuko du bihar Moby Dick-ek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ots. 22a, 20:22

Bihar, osteguna, hasi eta larunbata arteko kontzertu bira txikia eskainiko du Katalunian Eneko Burzako bakarlari algortarrak, Moby Dick izenpean ezagunagoa dena. Bira horretan, Javier Letamendia "Planetaleta" eta The Riff Truckers taldea izango ditu bidaide. Guztiak batera hiru kontzertu eskainiko dituzte Mataron (ostegunean), Terrasan (ostiralean) eta L'Hospitaleten (larunbatean). Euskal Herriko Musika Etxeen Sareak antolatu du ekimena "Euskal Herrian garatzen den kalitate artistiko musikala ezagutzera" emateko asmoz, "'Made in Euskadi' identitatearekin bereziki". Egitasmoa Etxepare Euskal Institutuaren eta Xarxa Cases de la Música Popular de Catalunya erakundearen parte-hartzea izan du. Argazkian, Moby Dick / cc-by-nc-sa Moby Dick Love.

Egitasmoaren sustatzaileek adierazi dutenez, "ezinbestekoa da oinarri batzuk ezartzea gure sortzaileak mugetatik kanpo bi kontzeptu hauekin erlazionatu ahal izateko: Euskadi eta kalitatea". "Gure asmo nagusia da, mugetatik kanpo euskal taldeei bultzada ematea, hauek ezagutzera eman ahal izateko eta haien publikoa areagotzeko", gaineratu dute.

Euskal Herriko Musika Etxeen Sareak hiru musikari eta talde euskaldun hautatu ditu, haien errepertorioan gutxienez euskarazko bi abesti dituztenak.

Artistak

Moby Dick proiektu folk-akustikoa da, Eneko Burzako algortarrak 2008. urtean hasi zuena, Uribe Kosta eta ingurutako talde ugaritatik pasa ondoren (Nun, Bizhil, Tribute to QOTSA...). 2009an "And then she became God's friend" grabatu zuen, autoekoizpenean kaleratutako bere lehen diskoa. Euskal Herriko txoko askotan eman ditu kontzertuak jada, eta asko dira zuzeneko gaitasun artistikoak zein estudioko lana goraipatzen dutenak, nagusiki zuzenekoa. Abestiek duten intentsitatea eta bere ahotsak duen pertsonalitatea kontuan hartuz, gaur egun bakarlari bezala "mugak gainditu ditu" askoren ustetan.

Bere azken kontzertuei dagokienez, nabarmenak aipatzekotan, Ainara Legardon, The New Raemon, Jose Gonzalez, Maika Makovski edo 2010eko BBK Live Jaialdian emandakoak azpimarratu daitezke. Bilbao Hiria Pop Rock jaialdiko azken edizioan lehen aldiz bakarlari bat finalera heldu zen, MobyDick bera, azkenik merezitako hirugarren postua lortuz. Aldi berean, hamaika dira Burzakorekin kontatu ahal izan duten Uribe Kostako jai batzordeak zein ostalariak eta UK tabernan Johnny Cashi eta Mikel Laboari egindako omenaldiak gogoratzekoak dira.

Kantauri Itsasoak berak bisitatzen duen Ea herri bizkaitarrekoak dira The Riff Truckers, 2005 urtean sortu zen taldea. Hasieratik rock&roll jorratu zuten estilo nagusi bezala, baina blues, country eta whiskya alde batera utzi gabe. 50 kontzertu eman ondoren, Euskal Herrian zein Espainian, 2009ko udaberrian euren lehen diskoa dena grabatzera sartu ziren. Diskoa "On route" deitzen da eta oso kritika ona izan zuten; Bilbao Hiria lehiaketa ere irabazi zuten, Pop Rock modalitatean.

Gainera, jaialdi oso garrantzitsuetan parte hartzeko aukera izan dute bizkaitarrek, hala nola, Bilbao BBK Live 2010 edo Azkena Rock Festival 2011. Joan den urtean zehar haien bigarren diskoa grabatzen hasi dira, zuzenekoak albora utzi gabe.

Getxo Sound

Azkenik, musikari, produktore eta Dj, Javier Letamendia "Planetaleta" azken 20 urteetan Hego Euskal Herriko indie musikaren eta Getxo Sound deritzotenaren bilakaeraren erantzule nagusienetarikoa izan da. El Inquilino Comunista eta We Are Standard taldeetako kidea izan da, baita produktore gisa 70 talde baino gehiagoren soinuaren arduradun ere, besteak beste, Lord Sickness, Cujo, We Are Standard, Los Clavos & Steve Winn, Zodiacs edo Electrobikinis. Soinu-nahaste ikaragarriak egin ditu Atom Rumba, Najwa Nimri, Grises, The Suicide of Western Culture edo Cancer Moon taldeentzat.

Bere zuzeneko saioa "esperientzia paregabea eta urratzailea da", azken 50 urteetako taldeen abesti ospetsuak bat egiten ditu abangoardiako elektronikaz eta theremin bezalako instrumentuaz baliatuz (The Beatles, Stone Roses, Delorean, Placebo, Sonic Youth, Los Planetas, Pixies, Beck, The Clash, Vitalic, Blur eta abar).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun