Elkarretaratzea iragartzeko kartela

"28 urte justiziarik gabe. Oroimena, duintasuna eta borroka" lelopean, GALek eraildako Eugenio Gutierrez Salazar “Tigre” 29 urteko errefuxiatu leioztarra gogoratzeko elkarretaratzea deitu du larunbat honetarako, otsailak 25, herritar talde batek. Hitzordua 13:30ean jarri dute Leioako Bulebarrean. "Tigre erail eta 28 urtera, agintean alderdi bat edo bestea egon, Espainiar eta Frantziar Gobernuak Euskal Herriaren aurkako gerra estrategiarekin bete betean jarraitzen dute: bahiketak, erasoak, atxiloketak, torturak, ilegalizazioak, espetxe politika ankerra, eta erabateko jazarpena erabiltzen dituzte herri honen aurka", salatu dute auzokideek. Hori dela eta, Euskal Herrian eman beharreko prozesu demokratikoa garatzeko, "horrelako errepresio mota guztiak desagertzea, justizia eta memoria berreskuratzea nahitaezkoa" dela uste dute. Bide horretan, larunbateko kontzentrazioan parte hartzera deitu dituzte leioaztar guztiak. Argazkian, Gudari Egunean ere gogoratu zuten Eugenio Gutierrez "Tigre" / cc-publicdomain.

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!