Euskal presoekiko elkartasun adierazpenen eta torturaren salaketaren kriminalizazioan oinarrituta Erandio, Leioa eta Itzubaltzeta / Romoko hainbat auzokide zitatuak eta “terrorismoaren goraipatzeagatik” inputatuak izan gara Espainiako Auzitegi Nazionalaren partez. Barregura urratu dezaketen zitazioak, jaiak antolatzeagatik edo kartel bat jartzeagatik hainbat lagun epaitegi berezira joan beharko gara.
Egun Euskal Herrian martxan dagoen prozesu demokratikoak aurrera egiteko beharrezkoa da euskal jendartearen eskubide zibil eta politikoak errespetatuak izatea, amaiera emanez euskal jendartearen zati handi baten ilegalizazio eta kriminalizazio estrategiari. Estatuak, momentuz, ez daude aurrerapausoak ematen, eta blokeo eta ukapen estrategian atxikituta jarraitzen dute, horregatik, oso garrantzitsua da herri bezala ereduzko erantzuna ematea, blokeo saiakera bakoitzean, estrategia hori herri harresi batekin topo egiteko aurrera egin nahi duen bakoitzean.
Guzti horrengatik, gaur, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazatik, 19:30ean “Eskubide zibil eta politikoen alde, utzi herriak bakean” lemapean hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek deitutako manifestazioan parte hartzera deitzen zaituztegu. Inputazioak salatzeko eta beraien artxibatzea eskatzeko, eskubide zibil eta politikoen errespetua exijitzeko eta jarduera politikoen legalizazioa exijitzeko
Guk gure eskubideak gauzatzen jarraituko dugu, euskal preso politikoen eskubideen urraketak salatzen, tortura salatzen, jai herrikoi, parte hartzaile eta parekideak antolatzen... Euskal Herri libre eta justu baten alde lanean jarraituko dugu. Horretarako, eskubide zibil eta politikoen eraso errepresibo hauek gelditu behar ditugu. Konbentzituta gaude, asko gara eraso hauen kontra gauden Uribe Kostako bizilagunak, horregatik salaketaren ahotsa izateko animatzen zaituztegu, gure kaleetako txoko bakoitzean, Hezkuntza zentroetan, lan eremuan... Bakoitzak gure harri-koxkorra ekartzeko eskubide zibil eta politikoen defentsan eta prozesu demokratiko honetan aktibo izateko. Gaur horretarako aukera ezin hobea daukagu... Animo!!!
Asier Izquierdo "Tximas", Beñat Vidal, Marcos Barroso eta Jose Angel Torre "Txantxel" Leioako eta Erandioko hainbat auziperatuk sinatutako artikulua