ELA, LAB, ESK, EILAS, CGT, EHNE eta Hiru sindikatuetako eta hainbat eragile sozialetako ordezkariak Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean elkartu dira gaur, gizarte alorrean ematen ari diren murrizketak salatzeko. Bertan bildutakoek dei egin dute larunbateko manifestazioan parte hartzera. Martxa 18:00etan abiatuko da Jesusen Bihotzetik. Ezartzen ari diren politikak, "injustuak izateaz gain, ez gaituztela krisitik aterako" nabarmendu dute bildutako lagunek. “Euskal Herrian gizarte sariak murriztu, sari hauek kobratzen dituztenak kriminalizatu eta enplegutasunaren diskurtsoarekin langabezian direnei euren egoeraren errudun egiten zaie”, salatu dutenez. Era honetan, sektore publikoa "enplegua sortu eta ekonomiaren motorra izan beharrean, lanpostua ez duen jendea erruduntzat jotzen" dela adierazi dute. Argazkian, otsailaren 23a den honetan, guardia zibilez jantzi eta "eskubide sozialen kontrako estatu kolpea" irudikatu dute bildutako hainbat lagunek / © ELA.