Eskubide zibil eta politikoak aldarrikatu dituzte itzubaltzetan dozenaka lagunek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ots. 23a, 22:42

"Eskubide zibil eta politikoen alde! Utzi herriak bakean!" lelopean, Itzubaltzeta / Romoko kaleak zeharkatu dituzte 150 bat lagunek gaur iluntzean. Ibilbidean zehar, tortura, errepresioa eta epaiketen aurka azaldu dira manifestariak. Era berean, jai herrikoiak eta presoekiko elkartasuna babestu dituzte. Izan ere, Itzubaltzeta / Romo, Leioa eta Erandioko hamaika lagun "terrorismoaren goratze" balizko delituagatik auziperatu dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean azken hileotan. Gaur jakinarazi dutenez, jada bi erandioztarri karguak kendu dizkiete, baina beste hiruk epaiketara aurkeztuko beharko dira. Bederatzi akusatuei elkartasuna adierazi diete Itzubaltzeta / Romon.

Martxa 19:30ean hastekoa bazen ere, ordu erdi atzeratu behar izan dute antolatzaileek, Ertzaintzak abiatzea eragotzi baitie. Neguriko Ertzain-etxeko polizi-idazkariek deialdiaren komunikazioa ondo tramitatu ez dutela edo, pilota jaurtigailuez hornituta azaldu dira ertzainak plazan, legez kanpoko martxa bat eragozteko asmoz. Hainbat gurasok haien umeak eraman dute horren kontura. Azkenean, baina, antolatzaileek emandako komunikazioaren kopia onartu behar izan dute.

Jai herrikoiak, elkartasuna eta torturaren salaketa, delitugai

Bederatzi uribekostarrak Auzitegi Nazionalera eraman dituzten delitu "zantzuak" presoen argazkiak agertzen ziren jaietako iragarkiak edota Erika Bilbaoren tortura salaketa zabaltzea izan dira. Martxaren antolatzaileen ustez, "zitazioen oinarriak, eskualdeko preso politikoei elkartasuna helarazteko adierazpenak eta haiei dagozkien eskubideen aldarrikapena, kriminalizatzea du xede". Baina, beraien ustez, "zitazioak harago doaz, eskubide guztien urraketa ematen baita". "Herriko jaiak antolatzeagatik edota kartel batzuk jartzeagatik herritar ugari Audientziara jaisten ari dira bi urteko kartzela zigor eskakizunei aurre eginez", salatu dutenez. Erandioko Hegoalde kultur elkarteko lau kide eta San Agustinetako jai batzordeko presidentea urtarrilaren 9an aurkeztu behar izan ziren Auzitegi Nazionalean. Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako jai batzordeko presidenteak, berriz, aste bete beranduago egin zuen Madrilerako bidaia. Leioako bost herritar ere Auzitegi Nazionaletik noiz pasatuko zain daude, haien aurkako egozteen aurrean aitorpen judizialak egiteko.

Itzubaltzetako auzia

Itzubaltzeta / Romoko akusatu gisa galdekatu zuen urtarrilaren 16an Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Aretoko epaileak. Jai batzordeak berak jakinarazi zuenez, iazko jaietako liburuxkan argitaratutako bi iragarkitan "'terrorismoaren goratze' ustezko delituren bat egon daitekeela uste du magistratuak". Lehenengo iragarkian, Branka kultur elkartekoan, bi auzokide preso ageri dira: Imanol Beristain, Segi gazte erakunde ilegalizatuko kide izatea leporatuta 2010eko urriaren 22an atxilotu zutena eta egun preso prebentibo gisa epaiketaren zain dagoena eta Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" herriko kazetari, idazle eta presoa, Euskal Herritik urrun 15 urte baino gehiago eman dituena eta ama oso gaixorik duena. Biak ala biak "preso etarrak" dira epailearentzat. Bigarrenean, herriko txosna batzordekoan, epaileak ez zuen zehaztu zein izan daitekeen usteko legez kanpoko elementua. Bertan, "Euskal Presoak Euskal Herrira" lelopeko bandera bat ikus daiteke.

Erandion ere, jai liburuxka

Bestalde, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu zuten urtarrilaren 9an Mikel Urriz, Angel, Txantxel eta Jon Vecchio Erandioko Hegoalde kultur elkarteko kideek eta Iñaki Duñabeitia auzoko jai batzordeko presidenteak. Marlaskak 2011ko San Agustin jaietako liburuxkan agertutako iragarki batengatik galdekatu zituen. Publizitatean, besteak beste, Ekin erakunde politiko ilegalizatutako kidea izatea leporatu zioten eta Hegoaldeko bi bazkideren alaba den Erika Bilbao preso prebentiboaren argazkia, Arrano Beltza eta "Erika maite zaitugu" eta "Euskal presoak etxera!" leloak agertzen ziren. Gaur azaldu dutenez, Fernando Grande-Marlaskak erabaki du epaiketa egitea baina dagoeneko ez du data jarri. Hasierako bost auzipetuetatik biri akusazioa bertan behera utzi die.

Leioan, tortura salatzeagatik

Ertzaintzak bi herritar atxilotu zituen 2010eko irailaren 24an Leioan. Erika Bilbaoren atxiloketa eta jasandako torturak iragartzen zituen panelak zeuden jartzen eta Ertzaintza patruila bat "oso oldartuta" hurbildu zitzaien. Inguruan zeuden beste hiru pertsona identifikatu eta aipatu bi lagunak atxilo hartu zituzten eta Erandio Landako Ertzain-hirian gau pasa egin behar izan zuten. "Agintaritzaren kontrako atentatua" eta "terrorismoa goratzea" leporatuta, hasiera batean Getxoko Epaitegira bideratu zuten auzia. Joan den hilean, baina, "terrorismo goratze" salaketa bere gain hartzen zuela jakinarazi zien Auzitegi Nazionalak bostei. Abokatua izendatu ostean, zitazioaren zain daude leioaztarrak.

Gaurko martxa iruditan

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun