Iker Beristain Gutierrez algortarrari euroagindua aplikatzea erabaki dute gaur Frantziako tribunalek, Algortako Herri Bilguneak jakinarazi duenez. 13 eguneko epearen barruan utziko dute Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko eragileak zehaztu duenez. "ETAri laguntzea egozten diote Frantzian, erakunde armatuko kide izateagatik epaitu, kondenatu eta zigorra osorik bete duen arren. Eta, gainera, inkomunikazioan torturapean atxilotu bati sinarazitako deklarazioan oinarrituta, besterik gabe", salatu dutenez. Frantzian ezarritako espetxe zigorra otsailaren 4an bukatu bazuen ere, kartzelako egonaldia luzatu zioten Beristaini. Izan ere, Espainiako Gobernuak eskatutako agindua erabakitzeko hilaren 2an egiteko zen bista berriro atzeratu egin zuten gaur arte, Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak bidali beharreko paperak Frantziako epaitegira iritsi ez zirelako. Argazkian, Iker Beristain epaitu zuteneko pankarta / cc-pd Etengabe.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!