Loreak eskuan, bertsoak eta aurreskua ere jaso ditu Imanolek. Bere aldetik, bildutakoei eskerrak eman, "hainbat lagun eta senide utzi ditugula barruan" gogoratu eta "hainbeste eta hainbeste sufritzen duten senideentzat" txalo zaparrada eskatu du, eskuak ia urratu arte erantzun duela jendeak. Ondoren, Brankatik bere argazkia kendu eta brindisa egin dute. Minutu batzuk beranduago, Ertzaintzaren sei patruila zabaldu dira herritik, haietako hiru herriko tabernatik 50 bat metrora. Halere, ez da istilurik sortu.
460 egun preso
Beristainek atzo arratsaldeko 8:20ak pasatuta zeharkatu zuen Madrilgo Alcala espetxeko atea. Bertan izan zituen zain herritik joandako gertukoak. Horiek guztiak, dena den, identifikatu eta hainbat denbora erretenitu zituzten polizia-kontrol batean. Beristainen senideek 30.000 euroko fidantza ordaindu behar izan zuten. Orain bi aste behin-behineko askatasunerako bista izan zuen preso itzubaltzetarrak. Beristain 2010eko urriaren 22an atxilotu zuen Espainiako Polizia Nazionalak Fernando Grande Marlaska epaileak Segiko Ipar Uribeko arduraduna izatea leporatu ziola. Bost egun beranduago, itzubaltzetarrak tratu txar fisiko zein psikologikoak pairatu zituela salatu zuen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Besteak beste, poltsa, kolpeak eta mehatxuen berri eman zuen. Harrez gero, prebentibo egoeran daukate Alcala espetxean, Getxotik 413 kilometrotara. Bertatik atera zen atzo.
Espetxean egon zen bitartean, alaba izan zuen Imanolek, gaur arte aurrez aurreko bisitetan baino ez zuena ikusi. Beristainen egoera salatzeko makina bat mobilizazio egin zuten bere herrikideek zein Algortako San Nikolas ikastolako lankideek, tartean Itzubaltzeta / Romoko hiru auzokidek 5.000 eurotako isuna ordaindu behar izan zuten, Espainiako Poliziak eta Ertzaintzak haien aurkako zenbait salaketa jarri ondoren.
Harrera argazkitan