Algortako Herri Bilgunea: "Herrira bidea eginez"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ots. 28a, 17:19

Algortako Herri Bilgunearen jardunarekin bat eginez, 227 gizon-emakume elkartu ginen ostiral iluntzean Algortako Telletxe plazan, otsaileko azken ostiraleko elkarretaratzean. Gorrondatxe abesbatzak egin zuen oraingo honetan deialdia, euskal preso eta iheslari politikoak etxera ekar ditzatela eskatuz. Hain zuzen ere, ELA eta LAB sindikatuen eskutik jaso zuten elkartasunaren kinkea. Dakizuenez, azken ostiralak Egin Dezagun Bidea ekimenak eraman ditu aurrera. Otsailaren 24an, berriz, Herrira mugimendua aurkeztu genien algortarrei. Preso eta iheslarien defentsan arituko den elkarte herritarra. Indar metaketa oinarri duen elkartea, edozein esparrutan eta amnistia helburu duena. Lan asko duen elkartea da Herrira, baina ilusioarekin jaiotzen dena. Presoen eskubideen urraketak salatuko ditu elkarte berri honek, muturreko egoerei lehentasuna emanez, elkartasuna landuko du, asistentziala, juridikoa, medikoa... Iheslariak etxeratzeko ekimenak ere burutuko ditu. Ekimen herritarra dela esan dugu. Beraz, inoiz baino garrantzitsuagoa da guztion ekarpena. Edozein ideia berri ongi etorria izango da. Hortaz, Algortan egingo den lehenengo bilera irekira deitzen zaituztegu: martxoaren 13an, asteartea, izango da, 19:00etan, Aldai patronatuan. Argazkian, elkartasunaren kriseilua / publicdomain.

Tantaz-tanta itsasoa sortzen delako, gure herrian Algortako Herri Bilguneak lehenengo pausu moduan azken ostiralei indarra eman nahi izan die. Horretarako herriaren indarra behar dugunez, hilez hile eragile ezberdin batek hartu du elkartasunaren lekukoa den kriseilua. Hilabete honetan Gorrondatxe abesbatzako kideek hartu dute lekukoa, baita ostiraleko elkarretaratzean kanta ederrak eskaini ere.

Euroagindurik ez!

Espainiako Gobernuak Frantzian preso dagoen gure herrikide Iker Beristainen kontrako euroagindua eskatu zuen. Hainbat atzerapen jasan behar izan ostean otsailaren 23an izan zuen epaiketa. Frantziako tribunalek Berisi euroagindua aplikatu eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku uztea erabaki dute. Ostegunean hasita, 13 eguneko epearen barruan eraman behar dute Madrilera. ETAri laguntzea egozten diote Frantzian, erakunde armatuko kide izateagatik epaitu, kondenatu eta zigorra osorik bete duen arren; eta, gainera, inkomunikazioan torturapean atxilotu bati sinarazitako deklarazioan oinarrituta, besterik gabe.

Bestalde, Iker Beristainen anai Imanoli ongi etorririk beroena luzatu nahi diogu, atzo irten baitzen espetxetik. Ongi etorri Imanol!

Preso gaixoak etxera!
3/4ak beteta dituzten presoak kalera!
Biziarteko espetxe zigorrari ez!
Euskal preso eta iheslariak Euskal Herrira!
Euskal presoak etxera!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun