Gotzon Elortza errealizadore algortarraren "Aberria" dokumentala eskainiko du aurten Topagunearen Laburbirak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ots. 28a, 20:12

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Laburbiraren bederatzigarren edizioa aurkeztu du gaur Donostian. Euskarazko ikus-entzunezko urteko produkzioa ezagutarazi eta herrietako kultur eskaintza aberasteko helburua duen zirkuitua urtero antolatzen du Topaguneak, herrietako Euskara Elkarteekin lankidetzan, tartean dela Berbots Erandion Euskaraz!. 2012ko Laburbirak 30 emanaldi eskainiko ditu. Gehienak Euskal Herriko herri eta hirietan izango dira, baina Madril, Londres eta Parisen ere izango dira proiekzioak. Saio bakoitzak 85 minutuko iraupena izango du, eta tarte horretan zortzi lan ikusteko aukera izango da. Aurten aukeratutako ikus-entzunezko sorta sorpresaz beterik dator gainera: alde batetik, 1961eko "Aberria" eskainiko dute. Gotzon Elortza errealizadore algortarrak zuzendutako dokumentala euskaraz egindako lehenengoetakoa da. Aberriaren inguruko hausnarketa aurkezten digu, garaiko euskal kulturaren ikur ziren Valentin Enbeita eta Jon Lopategi bertsolarien eta Victor Olaeta dantzariaren eskutik. Besteak beste, martxoaren 16an, ostirala, 19:30ean, Astrabuduako Josu Murueta kultur etxean izango da saioa. Film laburrak ikusi ondoren, David Zabala "Ohe azpiko zera" lanaren zuzendaria ikusleekin solasaldian egongo da. Argazkian, "Aberria" dokumentalen egile Gotzon Elorza / © Getxo.net.

Bestetik, lehen aldiz Laburbiran, euskaraz ez den film bat ere sartu dute programazioan: Xoxe Diazen "Instalación". Galizian eta galegoz egindako lana. Edizio honetatik aurrera, Laburbirak urtero eskainiko du egoera gutxituan dagoen hizkuntzaren batean sortutako lan bat, euskaraz azpidatzia, euskarazko produkzioarekin batera.

Benito Ansola bekak

Bi horiekin batera, Topaguneak sortutako Benito Ansola Bekekin 2011n ekoitzitako lehen bi lanak ere sartu dituzte programazioan: Joseba Uberuagaren "Izena duena" 3D animaziozko ipuin laburra, eta Paul Urkijo eta David Zabalaren "Ohe azpiko zera", 36ko gerran girotutako istorioa. Beste lau lanak Maialen Sarasuaren "Hemen nago", Jon Garañoren "Urrezko eraztuna", Gregorio Muroren "Zeinek gehiago iraun" eta Revolta Permanent taldearen "Kantuka" bideoklipa izango dira. Azken hori Topaguneak sustatzen duen Izarren Distira kultur programaren barruan ekoitzi da. "Bistan denez, askotariko aukera egiteko arreta berezia jarri da, eta horrela, formatu, estilo eta izaera oso ezberdineko piezek osatzen dute emanaldia: umorezko laburrak, serioagoak, irudi errealekoak... ", nabarmendu dute Topagunetik.

Sortzaileak eta ikusleak, elkarrekin solasean

Egile zein ikus-entzuleentzat, Laburbira "paregabeko aukera" da euskarazko produkzioa ezagutarazteko, eskaintza herri askotara zabalduz. "Herriotako asko txikiak izanik, gutxitan izaten dute zinema bertan eskaintzeko aukera. Gainera, egileak eta ikusleak elkarrengana hurbiltzeko asmoz, saio batzuetan solasaldia egingo da egileekin, proiekzioaren ondoren. Batzuek zein besteek biziki eskertzen dute zuzeneko iritzi-trukerako aukera hori, normalean oso aberasgarria suertatzen da eta", azaldu du euskara elkarteen federazioak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun