Punta Begoñan hotela egiteko kontratuaren apurketa "ofiziala" egin du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ots. 28a, 20:47

Imanol Landa alkate jelkidea buru duen Getxoko Udal Gobernu Batzordeak gaurko batzarrean amaitutzat eman du, modu ofizialean, Algortako Begoña gazteluan luxuzko hotela egiteko Barcelo Hotels Mediterraneo SL enpresarekin zeukan kontratua. Hartara, aipatu sozietatearekin lortutako akordioa legezko egin du Gobernu Taldeak. Hitzartutakoari jarraiki, 1,2 milioi euro eman beharko dizkio ostalaritza enpresak Udalari. Aldundiak jarriko omen dituen bi milioi euro ingururekin batera, diru guzti hori Punta Begoñako galeriak guztiz zaharberritzeko erabiliko dute, Landak hilaren 8an aurreratutakoaren arabera. Argazkian, Iñaki Uriarte arkitektoa Begoña Gazteluko galeriei buruzko azalpenak emanez, hainbat eragilek galerien erabilera publikoa aldarrikatzeko ekitaldian / © Getxosarea.

"Adostutako akordioaren ondotik izaera legala duen lehen urratsa eman da. Eta horrek, herriko ondasun baliabide garrantzitsu diren galeriak osorik lehengoratzeko izapideak hastea ahalbidetuko du. Ondoren erabilera sozial eta turistikoa izango duen esparru hori herritarrentzat irekiko da, aldez aurretik horretarako egokienak diren formulak zehaztuta", azaldu dute udal arduradunek. Udala prestatzen ari omen da jada Punta Begoñako galeriak lehengoratzeko lan-egitasmoa. "Plan hori zerbitzu teknikoek finkatu ostean aurkeztuko da jendaurrean", zehaztu dutenez. Landa alkateak adierazi duenez “Udal Gobernu Taldetik uste dugu halabeharrezkoa dela udalerrian balio ukaezina duen horren etorkizuna bermatu eta sendotuko duen jardunbide integrala egitea. Hori guztia, azkenik, eta horretarako egokienak diren formulen bitartez, auzotarrei zabaltzeko. Horretan gabiltza lanean dagoeneko, jarduera zaila, denbora behar duena eta baliabide ugari behar dituena dela jakin badakigun arren”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun