Bilduren ustez, hipoteka-luzamendua eskatzeak “zorra berriro finantzatzea” baino ez du ekartzen. “Herritarrak zor bera izaten jarraitzen du, baina gaur ordaindu beharrean bihar ordaindu beharko du; eta horri, interesak gehitu beharko zaizkio”, kritikatu zuen Pinedok. Gainera, 2008an arau hori ezarri zutela gogorarazi zuen zinegotziak, eta bere ustez, "ez zuen arrakastarik izan, luzamendu honen azken erabilera eraginkorra aurrekontu-gaitasunaren %1-ekoa baino apur bat handiagoa izan zelako”. Beraz, Bilduk azkenean mozioaren alde bozkatu bazuen ere, aurrerago udal bilkurara gaia “modu garatuago batean” berriro eramateko aukera dagoela iragarri zuen, “arazoaren sakoneko arrazoiak kontuan hartuz”.
Berta Rodriguez PPko bozeramaileak, bere aldetik, bozketan abstenitu egin zen, bere ustez “proposamen demagogikoa” delako. “Espainiako Gobernuak kaltetuentzat konponbideak eskaintzeko borondatea duela adierazi du jada. PSOEko aurreko Gobernuak, berriz, ez zuen horrelakorik egin”.
Onartutako testuak beste eskaera batzuk egiten dizkio Espainiar Gobernuari: “proposamen arauemailea onar dezala, (...) hipotekatutako ondarean bakarrik eragina izan dezan, pertsona fisikoen kasuan eta fede oneko zordunetan”. Indarrean jarri baino lehen, “arau honen eragin juridiko eta finantzieroa egitea” proposatzen du mozioak. Arau honekin, “bahitutako ondarea gauzatu denean, gainontzeko pasiboa salbuetsirik” geratuko litzateke.
Beste eskaera batzuk
Halaber, onartutako mozioak eskaerak ere bideratzen dizkie EAEn lan egiten duten finantza-erakundeei: “utzarazpenak ekiditeko plangintzaren garapenean parte har dezatela, bitartekaritza-zerbitzuaren interbentzioa eskatzeko konpromisoa har dezatela hipotekak gauzatzeko prozedura jarraitu baino lehen, edo hasita dauden prozesuekin jarraitu baino lehen”.