ELAren ustez EHUn proposaturiko murrizketen aurkako mozioa azkenean aurkeztu gabe geratu izanak ondo baino hobeto erakusten digu sindikatu batzuen independentziarik eza, gehiago begiratzen baitiete alderdikeriei, Euskal Unibertsitate Publikoko langileen interesei baino.
ELAren iritziz onartezina da sindikatu batzuen eta besteen jokabide interesatua. Batzuek, Patxi Lopezen murrizketak direla-eta, ez dute txintik esaten; eta EHUko errektoreordearenak, ordea, txikiagoak izan arren, guztiz gaitzesgarriak direla pentsatzen dute. Eta bestalde, beste sindikatu batzuek, Rajoy eta Lopezen murrizketak deitoragarriak direla diote, eta EHUkoak, erakunde hori zuzentzen duen aukera politikoari men eginez, erlatibizatzen dituzte, garrantzia kendu nahian.
EHUko ELAren Atal Sindikalak bere konpromisoa berresten du EHUko langileen aurrean: gure borroka kementsua eta lokabea izango da lan-baldintzen alde, eta gogoko dugun gizarte-ereduarekin bat datorren euskal unibertsitate-sistemaren alde.
EHUko ELAren Atal Sindikala