SATSE erizaintza sindikatuak, SME Euskadiko Medikuen sindikatuak, FFHE erietxeetako medikuen federazioak, SAE erizaintza laguntzaileen sindikatuak eta UTESE osasun arloko teknikoen bilkurak lanuzteak deitu dituzte martxoaren 29rako. Aipatu egunerako
greba orokor deialdia luzatu dute LAB, ELA, EILAS, EHNE eta ESK sindikatuek zein gizarte eragile ugarik. "Gobernuak onartu berri duen lan-erreforma agresiboaren aurrean protesta egiteko helburua du 24 orduko lanuzteak. Era berean, osasun sistema kudeatzeko modua eta murrizketak ere salatu nahi ditugu'', azaldu dute ohar batean osasun arloko langile erakundeek. Jarraitu dutenez, ''gastuak murrizteko Jaurlaritzak ezarri dituen politikek modu adierazgarrian ari dira eragiten osasun arretan, kalitatea murriztuz''. Argazkian, 2011ko urtarrilaren 24an, Bizkaiko Etengabeko Atentzio Guneetako (EAG) 60 bat langile egin zuten elkarretaratzea Algortako Alango kaleko anbulatorio aurrean.