Gaur goizean bertan eraman dituzte epailearen aurrera atzo Getxoko Udaltzaingoak atxilotutako bi gizonezko, udalerriko etxebizitzetan lapurtzen saiatzea egotzita. Hilabete baino gutxiagoan arrazoi berberarengatik atxilotzen dituzten bigarren aldia da, tokiko iturriek nabarmendu dutenez. Bertsio ofizialaren arabera, gertakariak atzo, asteazkena, 10:00ak aldera izan ziren, kalez jantzitako udaltzain batzuk hilaren hasieran Itzubaltzeta / Romoko etxebizitza bateko sarraila manipulatzen ari zirela ustekabean harrapatu zituzten bi lagunak Algortako kale batean ikusi zituztenean. Estatu espainiar osoan orotariko giltzak edo giltzapetu gabeko ateetako sarrailak irekitzeko gakorde edo plastikoak erabiliz indarrez sartutako etxebizitzetan egindako lapurretak asko areagotu direla eta, tokiko poliziek aurrezaintzako patruila egiten ari ziren. Bi kaleetan zehar beren atzetik joan eta gero, udaltzainek ikusi ei zuten bi susmagarriek zenbait etxeetako tinbreak jo eta, etxekoren batek atalondoko atea ireki ostean, barrura sartu eta minutu batzuez bertan geratzen zirela. Jokabide hori bi alditan eta atalondo desberdinetan izan omen zuten. Udaltzaingoaren arabera, atalondo barruan zirela bi gazteetako batek etxebizitza bateko sarraila plastiko zati batekin manipulatzen zuen, bestea zelatan zegoela.