Interesdunek 32 hautagaitza aurkeztu dituzte guztira. Irakasle eta ikertzaile doktore iraunkorren 8 ordezkarien kasuan, 6 hautagaitza aurkeztu dituzte; doktore ez diren irakasle eta ikertzaile iraunkorren 2 ordezkarien kasuan, 2, eta gainerako irakasle eta ikertzaileen ordezkariaren kasuan, 1. Graduko ikasleen kasuan (4 ordezkari), Bizkaiko campusari dagozkion 2 ordezkari-postuak betetzeko, 3 hautagaitza aurkeztu dituzte; Arabako campusari dagokion ordezkari-postua betetzeko, hautagaitza bakarra aurkeztu dute, eta Gipuzkoako campusari dagokion postua betetzeko, berriz, 2 hautagaitza aurkeztu dituzte. Graduondoko ikasleentzat gordetako postua betetzeko, hautagaitza bakarra aurkeztu dute, eta AZPko ordezkarien 4 plazak betetzeko, 4 hautagaitza aurkeztu dituzte.
Dekano eta zuzendarien ordezkariei dagokienez, hau izan da egoera: Bizkaiko campuseko 4 ordezkarien plazak betetzeko, 2 hautagaitzaren artean hautatu ahal izan dute klaustrokideek, eta beste bi hautagaitzaren artean, Gipuzkoako campuseko bi plazak betetzeko; Arabako campuseko plazarako hautagaitza bakarra izan da. Azkenik, sailen bost ordezkarien postuak betetzeko, 4 hautagaitza aurkeztu dituzte; unibertsitateko institutuen ordezkarien plazak betetzeko, berriz, bi hautagaitza zeuden, eta Master eta Doktorego Eskolari dagokion ordezkaritza zentro berriaren zuzendariak beteko du. "Nabarmentzekoa da aurkeztutako zerrendetan sexuen arteko parekotasunaren irizpideak bete dituztela ahal izan duten neurrian", aipatu dute EHUtik.
Hauteskundeen emaitzen aurka egiteko epea amaitzean, emaitzen behin betiko jakinarazpena martxoaren 5ean egingo da.
Aldezlearen txostena
Itziar Etxebarria EHUko aldezleak, kargu hori betetzeko abenduaren 15eko Unibertsitateko Klaustroan izendatu zutenak, organo horren aurrean hitz egin du, lehen kudeaketa-txostena azaltzeko.
Erakunde berri horren arduradunaren ustez, gauzatutako lanaren balantza "positiboa izan da argi eta garbi". Lanean hasi zenetik, aldezleak esku hartzeko 27 eskaera jaso ditu; horietatik 21 dagoeneko ebatzita daude, eta gainerakoak oraindik irekita. Dagoeneko eratu dute Aholkularitza Batzordea. Haren funtzioa izango da zerbitzuaren hasierako diseinuan parte hartzea, baita erakundearen politika orokorrean parte hartzea ere. Batzordeak bederatzi kide dauzka, unibertsitateko estamentu guztietakoak (irakasle eta ikertzaileak, AZP eta ikasleak), eta campusen ordezkaritza orekatua da. Aldezlearen zerbitzuaren lehentasun dira, besteak beste, zerbitzuari buruzko informazioa hedatzea, webgunea prestatzea, erakundearen araudia egitea eta portaera egokien kode bat ezartzea (beste unibertsitate batzuetako kode etikoen antzera).