Getxoberpiztu! egitasmoa bigarren fasean sartu da jada. Horren bidez erabakiko da lehenengo faseko parte-hartze prozesuan era irekian eta kolektiboan garatutako erabilera-proposamenak nola gauzatuko diren Algortako Aretxondo kaleko orubean. Horretarako, diseinurako ideia deialdia martxan jarri dute proiektuaren sustatzaileek, lehiaketa bailitzan; baina zehaztu dutenez, alde nabarmen batekin: "ezinbestean banakako ideia baten hautaketa egin beharrean, elkarte eta arlo ezberdinetako (auzokideak, gazteak, guraso elkarteak, teknikoak, eta abar) pertsonek osatutako talde batek ideiak jasoko ditu eta diseinu aproposenen elementu ezberdinak bateratuko ditu, zenbait saiotan gauzatuko den post-produkzio lanaren bitartez", azaldu dutenez. Bidalitako diseinu proposamen guztiak
web orrian ikusgai jarriko dituzte eta Getxon egingo den mostra batean ere erakutsiko dira. Ideiak aurkezteko azken eguna martxoaren 31 izango da. Argazkian, proposamena garatu duen lantaldeak egindako bileretako bat / © Getxoberpiztu!