Minusbaliotasuna duten pertsonei laguntzea eta horixe bera prebenitzea dira Gizarte Ekintza Sailaren zutabe nagusietako bat. Ardanzak adierazi duenez, Barrikako zentroaren bidez "urrats bat gehiago" ematen da adimen urritasuna duten pertsonentzako laguntzan. Gizarte Ekintzako diputatuaren esanetan, "Aldundiak bere jardunaren gida gisa hartutako printzipioei jarraitu zaie, hau da, pertsonarengan zentratutako plangintza, arreta pertsonalizatua, bizi-kalitatea…". Gainera, elkarte-mugimenduarekin batera aritu izana baloratu du. Kasu honetan, iaz 30 urte bete zituen Uribe Kosta elkartearekin jardun dute. Amaitzeko, Pilar Ardanzak aipatu du tokien eskaintza handitu nahi dutela eskola-garaia amaituta adimen urritasuna duten pertsona guztiak eguneko zentro batera joan ahal izateko.
Birgaitutako eraikina
Barrikako eguneko zentroaren kasuan, Bizkaiko Foru Aldundiak erabaki zuen bere jabetzakoa zen eraikina birgaitzea desgaitasun intelektuala duten pertsonei laguntza emateko. Eraikina birgaitzeko hartutako irtenbidea hiru solairuak barrutik igogailu bidez (esku-ohetarako igogailua) komunikatzeko premisatik abiatu zen. Sotora atartetik jaisten da, eta bi gune bereizi daude: batetik, sukaldondoa eta jantokia. Erabiltzaileen jantokitik ate bat igarota sartzen da sukaldondora. Eta bestetik, erabiltzaileen jantzi-gelak eta komunak. Bai atartetik, bai jantokitik zuzenean irten daiteke kanpora. Beheko solairuan erabilera anitzeko lau gela daude eta logopediarako gela bat ere bai. Bestalde, lehen solairuaren banaketa beheko solairuaren banaketaren antzekoa da. Lau gela ditu (estimulazioa, psikomotrizitatea…), gehi bulego bat, begiratokia, terraza eta komunak.