Proba praktiko horretan, ikasleek biologiari, biokimikari eta genetikari loturiko ariketak egin beharko dituzte laborategian: animaliak disekzionatu edo, lupa eta mikroskopioekin, landareen zatiak edo prestaketa baten ehunak identifikatu, adibidez. Lehenengo hiru sailkatuek EAE ordezkatuko dute martxoaren 22tik 25era Murtzian egingo den Olinpiadaren Espainiako Fasean. Biologia Olinpiaden helburua batxilergoko ikasleak zientzia honen garapenean akuilatzea eta inplikatzea da eta, horrekin batera, gaur egun duen garrantzia nabarmentzea, horren aurrerabidea eta hedapena bultzatuta.
Hain zuzen ere, "egungo eta etorkizuneko erronka zientifikoei arrakastaz aurre egin ahal izateko, ezinbestekoa da ikasle belaunaldi berriek prestakuntza biologiko ona izatea, eta beharrezkoa da biologia arloan azterketak eta ikerketak egiteko bokazio berriak ager daitezen sustatzea", adierazi du Ana Isabel Puentek, Beñat Zaldibarrekin batera jarduera koordinatzeko lanetan aritu den irakasleak. Zientzia eta Teknologia Fakultateak eta Espainiako Biologia Olinpiadaren antolakuntza taldeak hiru ikasle irabazleak sarituko dituzte: diploma bana emango zaie; eta 2012ko martxoaren 22tik 25era Murtzian egingo den Olinpiadan parte hartu ahal izan dezaten, bertara joateko bidaiaren, ostatuaren eta otorduen gastuak ordainduko zaizkie.
Kimikan ere sari gehiago
Sari akademikoaz gain, Kimikako Euskal Olinpiadan garaile gertatzen diren hiru ikasleek eskudirua ere jasoko dute Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren eskutik: hain zuzen ere, 380 euro lehenengoak, 285 euro bigarrenak eta 220 euro hirugarrenak, baita tokiko erakundeen aintzatespen sari eta diplomak ere.
Olinpiada Euskal Autonomia Erkidegoan Batxilergoko lehen eta bigarren zikloa egiten ari diren ikasleei zuzenduta dago. Helburua ikasleak zientzia honen garapenean akuilatzea eta inplikatzea da eta, horrekin batera, gaur egun duen garrantzia nabarmentzea, horren aurrerabidea eta hedapena bultzatuta. Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleen iritziz, "ikasleen belaunaldi berriek ez badute prestakuntza kimiko eta, oro har, zientifiko sendorik, ezin izango zaie gaur egungo eta etorkizuneko erronka zientifikoei aurre egin".