Martxoaren 8rako manifestazioa deitu du Algortako Bilgune Feministak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko mar. 2a, 12:42

Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunean manifestazio batek zeharkatuko ditu Algortako kaleak, Bilgune Feministak deituta. Hitzordua 19:30ean jarri dute Telletxe plazan. Hori bukatuta, ekitaldia izango da Tellagorrin eta, ondoren, luncha Aldai patronatuan. Bestalde, eskualdeko hainbat eragile feministek hilaren 10erako antolatutako bizikleta martxari ere batu zaio Algortako BF. Larunbat horretan, Sopelako udaletxetik abiatuko dira 10:30ean, Leioan amaitzeko. Telletxe plazara 11:30ak aldera helduko omen dira. Asteburu honetako Emakume Abertzaleon V. Topaketa Feministei dagokienez, autobusa beteta dagoela adierazi dute Algortako neskek. Hala ere, kotxez ere joango dira baten batzuk. Argazkian, iaz manifestazio bateratua egin zuten Erandioko Emakume Gazteen Asanbladak eta Algortako Bilgune Feministak.

Aurten Euskal Herriko Bilgune Feministak 10 urte betetzen ditu eta urteurren borobila aitzakia hartuta Emakume Abertzaleon V. Topaketa Feministak egingo dituzte asteburu honetan, martxoaren 2tik 4ra. "Hamaika egiteko ari gara" lelopean, nazio hausnarketa eta ospakizuna Leitzan izango da, 2001ean I. Topaketa egin zuten leku berean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun