Eskumaldeko
LABek Txorierri, Mungialdea eta Uribe Kostako delegatuak batu ditu gaur goizean Algortan. Martxoaren 29rako deitutako greba orokorraren nondik norakoak azaltzea izan da Villamonteko kultur etxean egindako bileraren helburua. Lan erreformak izango dituen ondorioak ahaztu gabe, krisiaren eraginak mahaigaineratu ditu sindikatu abertzaleak. LABek salatu duenez, gure eskualde eta herrietan "langabezia tasa gora eta gora" doa. "Uribe Kostan urte honetako urtarrilean 10.703 langabetu zeuden", zehaztu dutenez. Hala ere, krisi egoera honen "alternatiba baduela" aldarrikatu dute. Beraien hitzetan, "egunez egun bidea egiten lortuko dugu, gure eskubideen urraketen aurrean tinko erantzunez eta demokrazian eta justizia sozialean oinarritutako herria eraikitzen. Eta bide honetan, guk geuk erabaki behar ditugu gure lan harremanak, gure babes sozialerako esparrua... Gure esku dago alternatibaren bidea hartzea". Greba orokorra "eraiki behar dugun eredu sozial berriaren bidean pauso garrantzitsu bat" izango da, LABen iritziz. Argazkian, Eskumaldeko LABeko ordezkariak gaur Villamonten.