Martxoaren 8ra begira prestatutako ekitaldiak astearte honetan abiatuko ditu Itzubaltzetako Emakumeen Asanbladak. Iluntzeko 7etatik aurrera, "Euskal Herriko mugimendu feminista" lelopeko hitzaldia eskainiko dute Itzubaltzeta gaztetxean. Ostegunean, berriz, Santa Eugenia plazatik abiatuko dira manifestazioan, 20:00etan, "Ez dago herri askerik emakume askerik gabe" lemapean. Asteburura helduta, ostiral gauean, "Etiketadun kateak hautsi" izenburuko antzezlana egongo da ikusgai 21:30etik aurrera, Itzubaltzeta gaztetxean. Sarrera 3 eurotan izango da eta pintxoak ere egongo dira, aurreratu dutenez. Bestalde, larunbatean, hilak 10, eskualdeko hainbat eragile feministekin batera (Leioako Bilgune Feminista, Algortako Bilgune Feminista eta Erandioko Emakumeen Asanblada) antolatutako bizikleta martxa izango dute emakume itzubaltzetarrek. Sopelako udaletxetik abiatuko dira 10:30ean, Leioan amaitzeko. Amaitzeko, igandean, "La vida de Antonia" filma egongo da ikusgai gaztetxean, 19:00etatik aurrera, kakao beroarekin. Argazkian, Itzubaltzeta / Romoko hainbat emakumek eraso sexisten aurkako elkarretaratze batean.