Halere, Uriartek nabarmendu du bere kasua ez dela bakarra eta hainbat plataformak epaitegietan metatu dituzten datuen arabera, datozen hiru hileotan 1.000 familia kaleratuko dituztela, tartean Laudioko Areta auzoko 73 urteko andra bat.
Bestalde, gai honekiko politikariek duten utzikeria kritikatu, "Konstituzioan aldaketa bat egiteko aste bat nahikoa duten bitartean, hipotekek kaltetutakoen egoera konpontzeko asmoz lege arkaiko bat aldatzeko urteak behar izaten baitituzte". Gainera, krisialdi garaian bankuei ematen zaien "mesede-tratua" salatu du: "Hego Euskal Herrian makina bat familia txarto pasatzen ari da. Bitartean, bankuek gero eta diru gehiago dute, eskuratzen dute dirua Europar Batasuneko enkanteen bidez eta diru hori ez dute gizarte ekintzan edota sufritzen ari garen familiengan inbertitzen", arrazoitu du grebalariak.
Bestalde, kaltetuei bildu eta kalera irteteko aholkatu die. Bide horretan, etxebizitzaren arazoa lantzen duten taldeen koordinazioa hobetu behar dela iradoki du algortarrak eta bide horretan pasa den ostiralean Bilbon egindako jardunaldiek aurrerapausoak emateko baliagarriak izango direlakoan dago. Bitartean, Eusko Jaurlaritzak iragarritako bitartekaritza zerbitzua ondo etorria izango dela dio Uriartek, baina berarentzat "berandu" helduko dela. Dena den, azpimarratu du EAEko Gobernuaren hiru sail koordinatzea ez dela lan erraza izango.
Bost urteko ibilbidea
Uriarte 2007ko martxoaren 1ean Zubiletan etxea erosi izanaz damutzera eraman dute Gobelako uholdeek, senarraren lantokiaren itxierak eta BBKren jarrerak. Izan ere, 2008ko uholdeek eragindako kalteak konpontzeko eskatutako 200.000 euro baino gehiagoko maileguaren kuotak ordaintzeari utzi behar izan zion Marta Uriartek, bera langabezian geratu zelako eta senarraren enpresak porrot egin zuelako. 2011ko apirilean hipoteka kobratzeko pausuak abiarazi zituen BBK-k. Halere, urte horretan bertan izandako euriteek berriro behartu zuten pisua konpontzen. Gauzak horrela, Martaren ustez etxebizitza salduezina da eta bere balorea asko jaitsi da.
Litekeena da enkantearen prozesua bukatuta, pisua Kutxabanken eskuetan gelditzea tasazio prezioaren %60an. Halere, 100.000 bat euroko zorra izango luke oraindik bankuarekin, "eta horri prozesu-kostuak gehitu behar zaizkio. Familia batentzat ezinezkoa da zor guzti horri buelta ematea". Gainera, bere kasuan "gaixotasun nahiko larria" duen zortzi urteko alaba mantendu behar du.
Halere, kontzientea da "egoera dramatiko" hori jende askorena dela, Hego Euskal Herrian azken urteotan 7.000 familia baino gehiago kaleratu baitituzte. Gainera, "kaleratze espres" delako legearen eraginez egoera okerrera joango dela iragarri du.
Gaurko agerraldia argazkitan