Amaitu dira Bertsolari Gazteen XX. BBK Sariketako sailkapen-faseko saioak, atzo Igorren eta gaur Zallan egindako emanaldiekin. Igorren, Arratia eta Durangaldeko taldeak lehiatu ziren; gaur, Zallan, Enkarterri eta Busturialdeko bertsolari gazteak ibili dira kantuan. Durangaldeak eta Busturialdeak egin dute aurrera sailkapen-fasean,
Bizkaie! agerkari digitalak zabaldu duenez. Horrenbestez, aipatu bi taldeek jokatuko dute hilaren 14ko finalaurrekoa, 11:30etik aurrera, Markinako Lea Artibai Ikastetxean. Egun bat lehenago iazko irabazle Ipar Uribe taldearekin, hau da,
Algortako Bertsolari Eskolako (ALBE) neska-mutilekin lehiatu beharko du joan den asteazkenean sailkatutako Lea Artibaik, 11:30etik aurrera, Derioko Txorierri institutuan; bietatik finalera zein joango den erabakitzeko. Txapela nork janzten duen hilaren 23an erabakiko da, Bilboko Kafe Antzokian, 19:00etan hasita. Argazkian, Peru Vidal leioaztarra kantari iazko finalean / © BBK.