Modu berean, ezin ditugu aipatu gabe utzi emakumeongan eragin zuzenak izango dituzten murrizketak: soldata minimo interprofesionalaren izoztea —bereziki kaltegarria etxe langileentzat eta enplegu zentro berezietan aritzen diren langileentzat beste batzuen artean—, pentsioen murrizketa, (emakumeok lehenagotik ere askoz txikiagoak dauzkagunak) gastu sozialaren txikitzea eta horren ondoriozko zerbitzu sozialen murrizketa... Azken hori, gainera, kontziliazioa posible egin ahal izateko beharrezkoa dugu, eta ondorioz, berau murrizteak esan nahi du emakumeak lan gehiago egin beharko dugula korrespontsabilitatea ez delako sustatuko.
Premiazkoa da eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzea Euskal Herrian. Eraso hauei aurre egiteko aukera bakarra dugu, eredu berri bat eraikitzea, eta emakumeok eraikuntza horren parte izatea; eredu berri bat behar dugu, langileria klasearen erdia baino gehiago osatzen dugun emakumeak kontuan hartuko gaituena eta egungo eredu patriarkala suntsitzea helburu izango duena.
Eredu justuago bat, non lanaren banaketa erreal bat emango den, lana bere osotasunean kontuan hartuko duena eta emakumeok egiten dugun lan erreproduktiboaren aitortza sozial eta ekonomikoa kontuan izango duena.
Jakitun gara aldaketa hauek guztiak erdiesteko emakumeak hitza eta erabakia izan behar dugula, izan ere, aldaketak ez dira nahikoa izango, euskal emakumeok pairatzen dugun zapalkuntza hirukoitza gainditzera zuzenduak ez badoaz, eta honetarako, alternatiba bakarra daukagu, prozesu hau guztia feminismotik eraikitzea, egun dauden neurri partzialetatik harago benetako aldaketa estruktural bat izan dadin, non gure eskubideak aitortuak izango ditugun.
Premiazkoa da mobilizazio sozial, sindikal eta politiko bat bultzatzea euskal herriko emakumeak gure etorkizuna erabaki dezagun.
Hau guztia kontuan harturik, datorren martxoaren 29an greba orokorrean parte hartzeko deialdi berezia egin nahi die LAB sindikatuak emakume guztiei, gune hauek ere emakumeonak egin eta ikustarazteko aspaldi erabaki genuela inolako zapalkuntzarik onartzeko prest ez gaudela.
LAB sindikatua
www.labsindikatua.org